Web
Analytics
Airetik ere grabatuko dute Flysch Trail-a - Lasterketak.eus Airetik ere grabatuko dute Flysch Trail-a - Lasterketak.eus

Airetik ere grabatuko dute Flysch Trail-a

BALEIKE. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketako irudiak airetik grabatuko ditu Aeroclick enpresak. Lehen helikopteroa behar zen horrelako lanak egiteko, baina gaur egun urrutiko kontrolaren bidez maneiatzen diren robot txikiak daude. Mendatan eta Talaimendin izan dira probak egiten. Bideoan daukazue emaitza.

 

 

Flysch Trail jokatzen denetik urtero etortzen dira Igor eta Iker irudiak grabatzera. Igorrek senideak ditu Zumaian, eta bideo irudiak hartzeko prest agertu dira beti. Aurten proposamen berritzailea egin dute: “Airetik irudiak grabatzeko enpresa bat sortu dugu Zarautzen, Aeroclick. Flysch Trailak paisaia ikusgarriak ditu eta airetik hartutako irudiak ederrak izango dira. Iaz ere pentsatu genuen makina ekartzea, baina artean ez genuen ondo menperatzen eta nahiago izan genuen aurtengorako utzi”. Zarauzko eta Bilboko triatloian ere erabili nahi zuten, baina eguraldi txarragatik ezinezkoa izan zen. Airetik grabatuko duten lehen kirol proba da, beraz. Hala ere, beste lan batzuk egin dituzte dagoeneko. “Mantisa taldearen bideokliperako irudiak grabatu genituen, Itzurunen. Dokumental baterako irudiak ere bai… Pixkanaka ari dira lan batzuk sortzen”.

Horrelako makina bat maneiatzea ez da jolasa. Igorrek eta Ikerrek urtebete eman dute praktikatzen ondo menperatu arte, eta lehendik ere bazuten esperientzia antzeko aparailuekin. “Aurrena makina bera ondo ezagutu behar duzu, ondo estabilizatu, egokitu zuk dauzkazun premietara. Eta ondoren airean kontrolatzen ikasi behar da. Gainera, irudiak grabatzeko, bion arteko koordinazioa ezinbestekoa da”. Igorrek pantaila batean jasotzen ditu irudiak, eta kamera mugitzeko aukera du. Iker oktokopteroa –zortzi helize dauzka– gidatzeaz arduratzen da. “Lekua ondo aukeratu behar da. Segurtasuna da zaindu beharreko lehen kontua. Ez dadila oztoporik egon. Haizea ere arriskutsua da. Haizea altxatzen badu, ez dugu robota ateratzen”.

http://baleike.com/2013/07/19/bideoa-airetik-ere-grabatuko-dute-flysch-trail/

Artxibo
Event Search