Web
Analytics
Amasatik Loatzorako bidea azkarrena egiten duenak saria jasoko du etzi - Lasterketak.eus Amasatik Loatzorako bidea azkarrena egiten duenak saria jasoko du etzi - Lasterketak.eus

Amasatik Loatzorako bidea azkarrena egiten duenak saria jasoko du etzi

XIV. Orduak egiteko asmoa dutenek, ondorengo egunetan, aukera bikaina izango dute prestaketa lanetan urrats bat aurrera emateko. Hilaren 29an, igandean, Loatzoko XX. Igoera-Jaitsiera jokatuko da Amasan, eta maiatzaren 13an, Erniopeko VII. Mendi Ibilaldia, Larrauldik abiatuta.

Itsasoaren maila kontuan hartuta, Amasa 90 metro gorago kokatzen dute mapek, Loatzo, aldiz, 631ra. Penditz horri heldu beharko diote proban ateratzen diren lasterkariek igandean. Irteera ordua 10:30ean jarri dute antolatzaileek: Uxo Toki elkarteak eta Amasako gazteek. Krosean parte hartu nahi dutenek, izena elkartean eman beharko dute egunean bertan, dohainik, eta ordu erdi bat lehenago.

Amasako XX. Krosa edo Loatzoko Igoera-Jaitsiera jai giroan ospatu nahi dute amasarrek, eta horretarako Loatzen nahi duen guztiarentzat hamaiketakoa jarriko dute. Lasterketaren amaieran, berriz, sari banaketa ekitaldiarekin zozketa egingo dute: arkumea, oilaskoak, txuleta…

Lasterketari dagokionez, irabazleak 120 euro eta txapela eramango ditu etxera; bigarrenak 80 euro eta hirugarrenak, 50.
Ernio magaleko herrietan

Ernio mendiak magalean zortzi herri ditu. Hauen artean, Erniozaleak kultur elkartearen eskutik, Erniopeko VIII. Mendi Ibilaldia antolatu dute. 1999an Asteasun jarri zuten irteera eta amaiera puntua, ondoren Albiztur, Aia, Hernialde, Errezil, Alkiza, Bidegoianen, eta aurtengoan, zortzigarrenean azken herriaren txanda da, hau da, Larraulena.

Izena emateko www.erniozaleak.org webgunean sartu eta fitxa bete behar da. Ondoren, 15 euro ordaindu behar dira irteera baino lehen. Webgune honetan, probaren inguruko informazio guztia agertzen da. Bi ibilbide egiteko aukera egongo da maiatzaren 13ko mendi ibilaldian. Luzeak 48,6 kilometro ditu, hamaika ordutan egiteko modukoa da, beraz. Parte hartzaileek, ibilbide hau egiteko 06:00etan egon behar dute ibilbide puntuan. Laburrak 29 kilometro ditu, sei orduko itzulia da, beraz. Mendizaleak 08:00etan irtengo dira Larrauletik. Mendi ibilaldirako bi aste gelditzen diren honetan, jadanik 80 lagunek eman dute izena.

Proba antolatzen jarraitzeko arrazoiak aztertzerakoan, urte hauetan helburuak ez direla aldatu diote Erniozaleak kultur elkarteko kideek: «Ibilaldi honetan zehar, parte hartzaile guztiei herri hauek bidez-bide eta basoz-baso, gure aurrekoek oinez igarotzen zituzten antzera, erakustea eta ezagutaraztea».

Azkenik, eskualdeko herritarrak gonbidatu nahi izan dituzte probara Erniozaleak elkarteko kideek.

Iturria: http://tolosaldea.hitza.info

Artxibo
Event Search