Web
Analytics
El Hassan Oubaddi eta Cristina Loeda irabazle - Lasterketak.eus El Hassan Oubaddi eta Cristina Loeda irabazle - Lasterketak.eus

El Hassan Oubaddi eta Cristina Loeda irabazle

BALEIKE.COM. El Hassan Oubaddik (30:48) eta Cristina Loedak (38:03) irabazi dute 2014ko Herri Lasterketa, hamar kilometroko distantzian. Bost kilometroko proban, Jabi Moreno (18:23) eta Lourdes Colomo (21:46) izan dira azkarrenak. Patinen lasterketan, Nicolas Alonsok (30:34) eta Bego Huertak (31:00) irabazi dute. Zumaiarren artean, hamar kilometroko lasterketan, iazko irabazle Jokin Redondo izan da onena (33:24) gizonezkoetan, eta Arritokieta Eizagirre (46:10) emakumezkoetan. Bost kilometroko distantzian, Jesus Mari Arrona (21:08) eta Olatz Urbizu (25:40). Hemen daukazue nagusien lasterketetako argazki albuma.

Erraz irabazi du lasterketa nagusia Barakaldotik etorritako El Hassan Oubaddi marokoarrak. 2011n Abdelha Sabhik ezarritako marka ez du ondu (30:18), baina minutu erdira gelditu du erlojua: 30:48. Yeray Varela oñatiarra saiatu da lanak ematen, baina ezinezkoa izan zaio erritmoari eustea. Helmugan minututik gorako aldea atera dio irabazleak. Emakumezkoetan ere ez da borroka esturik izan garaipenerako, eta Cristina Loeda eibartarra izan da aurten ere azkarrena, Uxoa Irigoien getariarraren aurretik. Loedak iaz baino 49 segundo azkarrago osatu du ibilbidea, eta Irigoienek ere marka polita egin du (38:33), irabazlearengandik minutu erdira. Lasterketa hasi baino minutu batzuk lehenago bota duen zaparradak –txingorra ere bai– giroa freskatu eta marka onak egiten lagundu du.

Zumaiarren artean, Jokin Redondo izan da lehen gizonezkoa. Iaz baino denbora hobea egin du aurten —iaz 33:46, aurten 33:24–, ezin izan du txapela berriro jantzi eta bederatzigarren postuan sailkatu da. Bigarren zumaiar onena Jon Manzisidor izan da (36:15), 35. postuan; eta hirugarren Joseba Paquico (36:19), 36. postuan. Emakumeen artean, Arritokieta Eizagirre izan da zumaiar onena (46:10), Arritokieta Manterola (47:26) eta Ana Igualen (48:40) aurretik.

Hamar kilometroko lasterketa 414 korrikalarik amaitu dute, eta bost kilometrokoa 63k.

Aurretik haurrak eta patinatzaileak

Helduen lasterketen aurretik haurrek ere izan dute izerdi pixka bat botatzeko aukera. Saltaka hasi baino lehen, minutu bateko isilunea gordea da hil berri den Joxean Elortza Maria eta Joseko irakaslearen omenez. Haurren korrialdien ondoren, patinatzaileen txanda etorri da. Guztira 43k hartu dute parte, tartean sei zumaiar. Nicolas Alonso izan da irabazlea, David Gutierrezekin lehia estuan. Emakumeen artean, Bego Huertak irabazi du. Zumaiar onena Iñigo Berastegi izan da (38:35), 25. postuan. Emakumeen artean, Ana Egañak 39:24ko denboran amaitu.

http://baleike.com/2014/02/15/el-hassan-oubaddi-eta-cristina-loeda-irabazle

Artxibo
Event Search