Web
Analytics
Juanjo Igartzabalek irabazi du Garingo proba - Lasterketak.eus Juanjo Igartzabalek irabazi du Garingo proba - Lasterketak.eus

Juanjo Igartzabalek irabazi du Garingo proba

GOIERRIKO HITZA. Mendi lasterketen egutegi lehendik ere oparoari beste bat erantsi zitzaion, igandean, Garin auzoan (Beasain). Muñogain elkarteak antolatuta, 9,66 kilometroko korrika proba jokatu zuten ia laurogei parte-hartzailek, Motea muinoaren inguruan.

Juanjo Igartzabal zumarragarrak ireki du probaren garaipen zerrenda, 45.24 minuturekin. Beñat Doihartzabal sailkatu zen bigarren (46.21), eta Koldo Agirre beasaindarra hirugarren (46.42).

Emakumezkoetan Aitziber Ibarbia zizurkildarrak irabazi du, 54.53ko denborarekin, eta orokorrean 21. helmugaratuta. Elena Calvillo beasaindarrak egin zuen bigarren (56.00), eta Oihana Arratibel ordiziarrak hirugarren (1.00.46). Hamabi emakume ziren.

Garingo lehen mendi lasterketak partaidetza oparoa izan du, bai kopuruz —77 korrikalarik bukatu zuten ibilbidea—, bai kirol mailaz: erdiek baino gehiagok ordubeteren azpitik amaitu zuten.

Hiru itzuli ibilbideari
San Sebastian jaiak ospatu dituzte asteburuan Garinen, eta pizgarri polita izan da korrika karrera. 12:30ean abiatu ziren, plazatik. Motearen inguruan 3,22 kilometro luzeko ibilbidea prestatu zuten antolatzaileek, eta hiru itzuli egin zizkioten. Altueran 145 metroko desnibela zuen lasterketaren profilak, puntu gorena eta behekoenaren artean.

Herrigunetik abiatu, eta auzoaren atzealdetik jarraitu zuten korrikalariek ibilbidean aurrera. Arriarango urtegiaren ia ertzeraino iritsi ziren lehen zati erosoan. Puntu baxuenetik gora, Motea (589 m) igotzea zuten lan gogorrena, 500 metro zuzenean.

Artxibo
Event Search