Web
Analytics
Korpus festa herrikoia etzi ospatuko dute Legorretan, goizean Herri Krosa lehiatuz - Lasterketak.eus Korpus festa herrikoia etzi ospatuko dute Legorretan, goizean Herri Krosa lehiatuz - Lasterketak.eus

Korpus festa herrikoia etzi ospatuko dute Legorretan, goizean Herri Krosa lehiatuz

Antzinako usadioa da Legorretan Korpus egunean festa herrikoia ospatzea. Leku gutxitan bezala gorde dute ohitura, eta etzi, larunbata, gozatuko dute. Bi zati izango ditu egunak: goizean 34. Herri Krosa, eta arratsaldean afari-merienda plazan, zahagi ardoarekin.
Herri Krosak ere badu berezitasunik Legorretan. Izaera herrikoia iraunarazi, eta partaideei ez diete dirurik kobratzen korrika ateratzeagatik. Hala, bailarako eta Gipuzkoa osoko atleta onentsuenak erakartzen ditu urterik urte, 150 inguru aldiko.

 

Helduen krosa 11:30ean hasiko da. Izena aurrez emateko modua ere bada (www.herrikrossa.com), eta baita larunbatean bertan ere, 09:00etatik 11:00etara, udaletxean. Esan bezala, sosik jarri gabe.
Ibilbidea urteroko bera da. Luzean 7,5 kilometro, herriguneko zirkuituari hiru itzuli egitea da lana. Laburra arituentzat, baina kontrakoa irudi dezakeen arren, lautik gutxi duena. Bero egiten badu, gogorra suertatzen da.

Saritarako, sailkapeneko lehen hiru gizonak eta hiru emakumeak, Legorretako lehen gizon-emakumeak, eta Bilkoin elkarteko aurreneko bazkidea hartuko dituzte aintzat. Lasterketa Bilkoinek antolatua da, udalarekin batera. Korrikalarien artean ehun-bat opari zotz egingo dituzte, herriko enpresek emanak.

Denbora markak, berriak
Probak 34. ekitaldia duen arren, azken urteetan bata bestearen atzetik eroriz joan dira errekorrak. Korrikalarien mailaren erakusle. Gizonezkoetan Hossain Kaanache oriotarrak dauka marka, iaz ipinia: 23:29 minutu. Emakumeetan 2010ean jarri zuen Ainhoa Sanz urretxuarrak, 27:26an.

Sariez eta opariez gain, Bilkoin eta Jotakea elkarteek hamaiketakoa prestatuko dute atletentzat. Dutxa zerbitzua ere edukiko dute. Krosaren garaian, 11:30-12:30 tartean, errepide nagusia itxi egingo dute zirkulazioarentzat.

Herri Krosak, bestetik, Gazte Piku asanbladaren gazteen kirol jokoetarako balioko du. Helduen proban 16 urtetik gorakoek parte har dezakete (1995ean edo lehenago jaioak). Aurretik, 10:30ean, haurrentzat krosa egingo dute, eskola-kiroleko adinekoentzat.

Festak arratsaldean jarraituko du. Udalak ardo beltza eskainiko du, doan. Usadio zaharrean, lagun-taldeek jana eraman, eta denek plazan afalduko dute.

Egitaraua

Korpus eguna
• 09:30. Goiz eresia, Legorretako Musika Eskolakoekin.
• 10:30. Haurren Herri Krosa.
• 11:30. Helduen 34. Herri Krosa.
• 18:00. Ardo dastatze txapelketa.
• 18:30. Zahagi ardoa.
• 19:30. Afari merienda, plazan.
• Ondoren. Burrunbazale txarangarekin kalejira-dantzaldia.

Iturria: http://goierriekialdea.hitza.info

Artxibo
Event Search