Web
Analytics
Leire Agirrezabala, Uharte Arakil-Beriain bertikalean lehen aldiz 50 minututik jaitsi den emakumea - Lasterketak.eus Leire Agirrezabala, Uharte Arakil-Beriain bertikalean lehen aldiz 50 minututik jaitsi den emakumea - Lasterketak.eus

Leire Agirrezabala, Uharte Arakil-Beriain bertikalean lehen aldiz 50 minututik jaitsi den emakumea

TOLOSALDEKO HITZA. 5 kilometroko luzera eta 1.023 metroko igoera zuen atzo jokaturiko lasterketak.

Leire Agirrezabala ibartarrak mendiko lasterketetan osatzen ari den denboraldi izugarria mantendu du asteburu honetan, eta atzo Uharte Arakil eta Beriain arteko kilometro bertikalean lehen emakumea izatearekin batera, errekorra jarri zuen: ibilbidea 50 minutu baino gutxiagoan osatu duen lehen emakumea izan da.

10:00etan hasi zen lasterketa, Uharte Arakilen (Nafarroa), 417 metrora. Autzasoroburu auzoraino bi kilometro egin eta gero hasi zuten ibilbideko zatirik gogorrena, Beriain mendira igotzeko. Ibilbideko laugarren kilometroan, San Donatoko baseliza igaro eta gero, azken malda igo behar izan zuten lasterkariek, eta Beriaingo gailurrean amaitu zen proba, 1.494 metrora. Guztira, bost kilometroko luzera izan zuen ibilbideak.

Leire Agirrezabalak 49:47ko denborarekin zeharkatu zuen helmuga, eta sailkapen orokorrean 21. postua eskuratu zuen. Bigarren emakumea Maite Maiora izan zen, eta 50:30eko denbora behar izan zuen lasterketa amaitzeko. Lehia polita izan zuten bien artean; Maiora atzetik atera zen irteera puntutik, eta igoera osoan barrera bata bestearen erreferentziak izan zituzten arren, Maiorak ezin izan zuen ibartarra menderatu.

Hirugarren sailkatua, berriz, 51:36ko denborarekin, Leire Fernandez izan zen, baina adin txikikoa denez, ordainsaririk gabe geratu zen; Laura Sola sailkatu zen laugarren, 51:50eko denbora osatuz.

Gizonezkoetan azkarrena Ionut Alin Zinca izan en, eta 42:42ko denbora osatu zuen. Bigarren postuan Iñigo Lariz sartu zen, 43:28ko denbora osatuz, eta Mikel Beunza izan zen hirugarrena, 14 segundora.
 

http://tolosaldea.hitza.info/2013/09/23/leire-agirrezabala-uharte-arakil-beriain-bertikalean-lehen-aldiz-50-minututik-jaitsi-den-emakumea/

Artxibo
Event Search