Web
Analytics
Tolosako Herri Krosaren 25. urteurrena beteko da ostiraleko lasterketarekin - Lasterketak.eus Tolosako Herri Krosaren 25. urteurrena beteko da ostiraleko lasterketarekin - Lasterketak.eus

Tolosako Herri Krosaren 25. urteurrena beteko da ostiraleko lasterketarekin

TOLOSAKO HITZA. Tolosako San Esteban auzoko bizilagunen elkarteak Herri Krosa antolatu du ostiralerako, hilak 12. Lasterketa berezia izango da, 25. urtez antolatzen baitu elkarteak, baina antolakuntzatik azaldu dutenez, ez da ezer berezirik egingo. «Azken hamar urtetan aurrekontuak kopuru berdinean jarraitzen du», esan dute. San Estebango kultur astearen barruan egiten dute proba, eta hurrengo asterako ekitaldi gehiago antolatu dituzte.

Izena eman nahi dutenek bi aukera dute. Batetik, probaren aurretik Shanti Kirolak dendan, zazpi euroren truke, eta bestetik, probaren egun berean, hasiera baino ordu erdi lehenago, 10 euroren truke. Lehen hiru sarituek, bai emakumezkoetan eta baita gizonezkoetan ere, sariak izango dituzte: 150 euro, 90 euro eta 60 euro, hurrenez hurren. Bestalde, helmugara iristen diren lehen 350 korrikalariek kamiseta izango dute opari.

Iaz 360 korrikalari inguruk parte hartu zuten. Parte hartze handia izan ohi du Herri Krosak, laster izango den Behobia-Donostia probarako prestatzeko erabili ohi dutelako korrikalariek. Antolakuntzak dioenez, urte guzti hauetan probaren iraupena auzokideen, Tolosako Udalaren eta babesleen laguntzak bermatu du.

Hamar kilometroko ibilbidea, tartean zenbait aldapa aipagarrirekin

San Esteban auzotik aterako da lasterketa, 11:00etan. Ibilbidea honakoa izango da: San Estebanetik San Juan kalera, handik Soldadu kalea hartu eta ondoren San Frantzisko etorbidetik jarraitu; Araba etorbidea hartu eta San Esteban auzora itzuliko da ibilbidea; berriro itzuli berdina egingo da, baina Araba etorbidea hartu ondoren aurrea jarraituko dute lasterkariek SAMeko zubiraino, ondoren Iurreko biribilgunean Paper kalea hartuko dute eta Iurreamendiko aldapa igoko dute; Iruñea etorbide hartu eta Amarotz auzoan sartuko da ibilbidea, hortik San Blas auzora igotzeko; handik Izaskun auzora jaitsiko dira  eta ondoren Kondeko Aldapa hartuko dute; Santa Clara kaletik pasa ondoren, Nafarroako zubia gurutzatuko dute eta Kale Nagusia hartuko dute.

Behin Gorriti plazara iritsitakoan, Barrena kalea hartuko dute; Gorosabel kaletik Trianguloa plaza gurutzatu eta San Frantzisko etorbidea hartuko dute; horren bukaeran ezkerrera hartuko dute Pedro Tolosa kaletik eta ondoren eskuinera joango dira, Berazubi auzotik igarotzeko; Iurreamendira igo eta biribilgunean suhiltzaileen parkearen aldera joko dute; aurrera jarraitu eta Iurreamendi kaletik Iurreko biribilgunera iritsiko dira; SAMeko zubia igaro eta eskuinera Araba etorbidetik joango dira, ondoren ezkerrera egin eta San Esteban auzora sartuz helmugara iristeko. Guztira korrikalariek 10 kilometro egingo dituzte.

Artxibo
Event Search