Web
Analytics
Zuzenien Igoera Bertikala, inoiz hutsik egin gabe - Lasterketak.eus Zuzenien Igoera Bertikala, inoiz hutsik egin gabe - Lasterketak.eus

Zuzenien Igoera Bertikala, inoiz hutsik egin gabe

UZTARRIA.COM. Igandean, 10:00etan hasita, Zuzenien mendi lasterketa bertikala jokatuko da, Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta. Xanti Segurolak hartuko du parte, aurreko lau aldietan bezalaxe.

Igandean, 10:00etan Ezkerretegitik hasita, Azpeitiko V. Zuzenien Igoera Bertikala erlojupeko mendi lasterketa jokatuko dute. Internet bidez izena emateko epea bukatu da, eta 140 lagun inskribatu dira. Baina egunean bertan ere eskainiko du horretarako aukera Lagun Onak Mendi Bazkunak, herriko plazan.

Ezkerretegitik abiatuta, gora eta gora eginez, 2,8 kilometroko ibilbidea egingo dute parte-hartzaileek, Xoxoteko San Inazioren irudira arte. Mendia elurtuta dago, baina horrek ez du beldurtzen Xanti Segurola (Aratzerreka, 1954). "Bidean denontzako egongo da elurra, akaso pixka bat sufritu beharko dugu, baina bukatutakoan esango dugu".

Hutsik egin gabe, urtero, irten du Zuzenien mendi lasterketan. "Ni ondoena eta gustuena behetik gorakoan ibiltzen naiz, gainera ez da oso luzea eta ondo moldatzen naiz". Bideak bi zati ditu: bata, basoan zehar bidetxurretik egin beharrekoa, eta bestea, haitzean. Goi aldeko zatia, haitzekoa nahiago du Segurolak. "Zati horretan ere indarra behar da, baina eroso sentitzen naiz haitzean, ondo defenditzen naiz".

Lasterketan ez diola denborari begiratzen dio, garrantzitsuena "gustura ibiltzea eta besteen artean egitea" da. "Gustura nabilen bitartean daukadana ematea gustatzen zait". 40 minutu eta segundo batzuk behar izaten ditu Zuzenien lasterketa bukatzeko. Iaz, ordea, minutu bat gehiagon egin zuen. "Iaz labainagoa zegoen bidea eta ni neu ez nengoen hain ondo, lesio bat eduki nuelako, 41 minututik pasatu nintzen iaz".

Iaz aurreratu egin zuten probaren data Lagun Onak-ekoek; uztailetik martxora ekarri zuten. Aurten ere halaxe antolatu dute. Segurolarentzako goiz antza da, "horretan dabiltzanek zerbaitegatik jarriko zuten martxoan. Baina, ahal bada jartzen duten garaian egin eta listo". "Goiz antza da niretzako, sagardotegira joatea ere gustatzen zait, eta hor ibiltzeko berriz pixka bat begiratu beharra dago. Neu oraindik gutxitxo ibilita nago, giro txarra egiten badu udan bezala ezin izaten baita ibili mendian".

Azkena, joan den igandean
Aurten lau-bost aldiz egin du Zuzenien lasterketaren bidea, azkenekoz joan den igande arratsaldean: "Erdibideraino egin nuen, handik gora elur asko zegoen. Jendea ibilitako arrastoak bazeuden elurretan, baina haiek ere nik bezalaxe erdibidean buelta emango zuten, erditik gora ibilitako arrastorik ez zegoen".

Izarraitzera sarri joaten da, baina Zuzenekoaren ibilbidetik baino gehiago Azketa aldetik. "Goizean goiz samar ibiltzea gustatzen zait, eta Azketa aldeko bidea argiagoa da, kaleko argi gehiago dago, basope gutxiago".

Betidanik gustatu zaizkio mendia eta kirola. Baina, herriko lasterketetan 30 urte zituela hasi zen. "Aurretik obretan egiten nuen lana eta kirolerako denbora mugatuta edukitzen nuen, larunbatetan ere lana egiten zen eta. Gero, udalarentzako lanean hasi nintzen eta orduan hasi nintzen lasterketetan parte hartzen". Hainbat alditan egin du Behobia-Donostia eta baita lau-bost aldiz Donostiako Maratoia ere. "Mendian, ordea, gusturago ibiltzen naiz".

Azkoitiko mendizaleak Izarraizko Mendi Lasterketa antolatzen hasi zirenean han parte hartzen hasi zen Segurola. Ordutik, Aizkorriko mendi maratoian ere ibilitakoa da, "baina, han ez da erraza izaten parte hartzea; denbora onak dituztenak zuzenean sartzen dira, baina gainontzekoak zozketa bidez. Niri ez zait nahi adina alditan tokatu, orain gainera adina ere badaukat eta han irteteko aurretik lan asko egin behar da".

Prestaketa bere kasa
Lasterketetarako prestaketa bere kasa egiten du. "Prestatzeko ez dut gauza berezirik egiten, ibili egiten naiz, neure erara masajistarik-eta gabe. Medikuarengana lesioren bat dudanean bakarrik joaten naiz, bestela nire gisa ibiltzen naiz, ahalik eta sanoena janez".

Lasterketa bezperetan lasai egoten da. "Probaren egunean gorputza pixka bat bizituta egoten da, emozioarekin eta. Baina ez dut sufritzen".

Artxibo
Event Search