Web
Analytics
35. urtez jokatuko dute Zestoako Herri Krosa, martxoaren 17an - Lasterketak.eus 35. urtez jokatuko dute Zestoako Herri Krosa, martxoaren 17an - Lasterketak.eus

35. urtez jokatuko dute Zestoako Herri Krosa, martxoaren 17an

HITZA. Zestoako Atletismo Taldeak aurten 35. urtez Herri Krosa antolatu du, Zestoako Udalaren laguntzarekin, eta martxoaren 17an izango da. Dagoeneko eman daiteke izena lasterketarako, www.herrikrossa.com webgunean edo Zestoako kiroldegian. Martxoaren 15an amaituko da epea. Aurrez ematen dutenek 5 euro ordaindu beharko dute eta dortsala lasterketaren egunean jasoko dute, udaletxearen arkupetan, ordainagiria erakutsita.

 

Egunean bertan ere eman ahalko dute izena, baina hala eginez gero 10 euro ordaindu beharko dute parte hartzeko. Alebinek, infantilek eta kadeteek doan parte hartzeko aukera izango dute, izena lasterketaren egunean bertan emanda.

Lasterketa nagusia 11:30ean hasiko da udaletxearen ingurutik, baina aurretik haurren eta gaztetxoen proben txanda izango da, 10:00etan hasita. Benjamin mailatik hasi, eta beteranoen artekoek izango dute herri krosean parte hartzeko aukera.

Benjamin mailako neska-mutiletatik hasi eta infantil mailako neska-mutilen arteko lasterketak 10:00etatik 10:50era bitartean jokatuko dira, mailaka; benjaminek 600 metroko lasterketa egin beharko dute; alebinek, 1.350 metrokoa; eta, infantilek, neskek 1.800 metrokoa eta mutilek 2.250 metrokoa.

Txikienek ere aukera
Lasterketa nagusiaren aurretik, herriko kirolari txikienentzako probak ere jokatuko dira.

Haur Hezkuntzako neska-mutilen lasterketa 11:00etan hasiko da, Gurutzetik herriko plazarako ibilbidea eginez. Ondoren, 11:05ean, 2005-2006 urteetan jaiotakoek 300 metroko ibilbidea egingo dute.

Lasterketa nagusiaren irteeran kadeteetatik beteranoen artekoek hartuko dute parte, 11:30ean. Kadeteek ibilbideari bira bakarra (2.650 metro) emango diote; jubenilek eta juniorrek, bi bira, eta baita emakumezko senior eta beteranoek ere; eta, gizonezko senior eta beteranoek hiru aldiz egin beharko dute ibilbidea, 8.567 metro osatuz.

Ibilbidea herriaren barruan antolatuko dute, «gehiena asfaltoan». Gizonezkoentzako dutxak kiroldegian egongo dira eta emakumeenak herriko eskolan.

Lasterketa bukatu ondoren, herriko plazan, parte-hartzaile guztiek kamiseta bana jasoko dute lasterketako opari bezala eta baita hamaiketakoa ere.

Artxibo
Event Search