Web
Analytics
Arkaitz Zamakonak ez zuen izan aurkaririk II. Gabez Takarran-en - Lasterketak.eus Arkaitz Zamakonak ez zuen izan aurkaririk II. Gabez Takarran-en - Lasterketak.eus

Arkaitz Zamakonak ez zuen izan aurkaririk II. Gabez Takarran-en

Gau giro ederra lagun zutela elkartu ziren 86 mendizale atzo, zapatua, Eskoriatzako plazan II. Gabez Takarraran proba egiteko. Iazko irabazle Arkaitz Zamakona hasieratik jarri zen buruan eta inork ezin izan zuen harrapatu. Emakumeetan, ostera, Basauriko Begoña Feijoo izan zen lehenengoa. Atxorrotzerako igoerako denborarik onena ere Zamakonak ezarri zuen: 20 minutu eta 29 segundu.

Iazko irabazle Arkaitz Zamakona otxandioarra –Aritz Kortabarriarekin batera helmugaratu zen orduan– iaz baino forma hobean etorri zen, eta erakustaldi dotorea egin zuen atzo. Izan ere, Asensio mendira bideko hasierako aldapetan lehenengo postuan jarri eta inork ez zuen harrapatu ibilbide guztian.

Asensioko buelta 41,28 minututan egin zuen eta gero Eskoriatzako plazatik gora Atxorrotzerako bidea hartu. Bigarren Aritz Kortabarria arrasatearra pasatu zen; hirugarren, Iñaki Uribe-etxebarria eskoriatzarra zaleen animo oihuen artean; eta laugarren, Gaizka Romero oñatiarra. Emakumeetan, ostera, Igone Eriz aramaioarra iritsi zen lehenengo Asensiotik bueltan plazara; eta haren atzetik Basauriko Begoña Feijoo eta Eskoriatzako Rosa Lasagabaster.

Zamakona oso indartsu

Atxorrotzerako igoera erabakigarria izan zen, eta hor erakutsi behar izan zuten mendizaleek indarrik gordeta ote zuten. Zamakonak ez zuen inolako arazorik izan, oso indartsu zegoelako bukaeran aitortutako moduan, eta bigarrenarekin zuen aldea handitu egin zuen igoeran. Hala, 00:30etatik laster agertu zen helmugan (1:41:35) eta sei minutu pasatxoko aldea atera zion bigarren iritsi zen Kortabarriari (1:47:51): "Laguna dut eta biok batera helmugaratzea zen asmoa baina oso indartsu topatu naiz eta aurrera egitea erabaki dut", zioen Zamakonak.

Hirugarrena, ostera, Sodupeko Alain Gauna izan zen (1:53:48), eta lehen eskoriatzarra Iñaki Uribe-etxebarria (1:55:42), seigarrena sailkapen nagusian: "Atxorrotzerako bidera indarrak ahulduta heldu naiz eta igoeran makal ibili naiz; hala ere, beheranzkoan berreskuratzea lortzen nuen eta azkenean seigarren egin dut".

Herritarren berotasuna

Lehen emakumea, ostera, ia 01:30ean iritsi zen; Feijoo hain zuzen (2:27:27). Eta haren atzetik bi minutura, Lasagabaster eskoriatzarra (2:29:44): "Beherazkoan bikiak kargatu egiten zitzaizkidan baina gorantz oso gustura ibili naiz", zioen bukaeran. Horien atzetik sartu zen Eriz (2:32:30). Feijoo beste hiru lagunekin etorri zen Basauritik eta harrituta zegoen proban zehar topatutako giroarekin: "Hemen egon den animazioa eta giroa izugarria izan da; herri handietako proben inbidiarik ezin dezake izan".

Antolatze lanetan buru-belarri ibili den Iñaki Uribe-etxebarria ere oso pozik zegoen bukaeran: "Ibilbidean zehar jende mordoa egon da animatzen, iaz baino gehiago, eta hori benetan poztekoa da, herria ere mugitu delako. Iazko parte-hartzaileak itzuli egin dira, eta gainera, gehiago elkartu gara, hortaz, oso pozik gaude".

Urdaiazpikoa Dorleta Encinari

Aurten ikusmin handia sortu du Atxorrotzeko igoerak. Bizkorrenaren denbora asmatzeko apustuak jaso dituzte azken asteotan Eskoriatzan. Eta bizkorrena Zamakona irabazlea izan zen 20 minutu eta 20 segundorekin; emakumeetan, ostera, Lasagabaster 10 minutu gehiagorekin. Errekorra ezarri zuten biek eta urdaiazpiko bana jaso; baita apustuaren irabazleak ere, Dorleta Encinak.

Iturria: http://goiena.net

Artxibo
Event Search