Web
Analytics
Jokin Redondo da Herri Lasterketa irabazi duen lehen zumaiarra - Lasterketak.eus Jokin Redondo da Herri Lasterketa irabazi duen lehen zumaiarra - Lasterketak.eus

Jokin Redondo da Herri Lasterketa irabazi duen lehen zumaiarra

BALEIKE.COM. 29 aldi behar izan dira zumaiar batek Herri Lasterketa irabazteko. Jokin Redondok (34 urte) lortu du gaur, 33:46ko denborarekin. “Ez nuen datu hori ezagutzen. Bada, niretzat oso berezia da. Irabazten dudan lehen lasterketa da, gainera”. Ez da podiumera igo den zumaiar bakarra, hirugarren Andoni Agirre izan baita (34:20), Gaizka Romero oñatiarraren atzetik (34:10). Emakumezkoen lasterketan, Cristina Loeda eibartarra izan da azkarrena (38:52), Marisol Ramos oñatiarraren (39:49) eta Uxoa Irigoien getariarraren aurretik (40:43). Zumaiarren artean, Ane Eizagirre izan da azkarrena (48:08). Haurren, helduen eta patinen lasterketetako argazki bildumak igoko ditugu prestatu bezain pronto.

 

Urteak daramatza Jokin Redondok korrika egiten. “Urtero hamar edo hamabi lasterketa egiten ditut, normalean 10 kilometrokoak. Hori da gehien gustatzen zaidan distantzia”. Aurreko postuetan amaitzen duenetakoa da, “bosgarren, hirugarren, bigarren ere bai noiz edo noiz”, baina gaur arte lasterketarik irabazi gabe zegoen. “Oso berezia da niretzat Zumaian irabaztea. Emazteak ere esan dit, lehen garaipena eta etxean”. Eta Jokinek ez zekien datu garrantzitsua: bera da lasterketa honen palmaresean lehen postuan agertuko den lehen zumaiarra.

Mariano Sanchezek lasterketa bikainak egin zituen bere garai onenetan, baina sekula ez zuen irabazi. Marianok berak kontatu dizkigu garai haietako oroitzapenak, sari banaketaren zain geundela: “Bigarren ere izan nintzen, baina ez nuen sekula irabazi. Orduan Garin anaiak-eta egokitu zitzaizkidan aurkari, eta maila handia behar zen irabazteko. Gogoan daukat nire urterik onenetan 3:11n egiten nuela kilometroa. Nire marka 32:18 dela uste dut”. Gaur Jokinek 3:22ko erritmoan egin du kilometroa. “Hala ere”, esan du Marianok, “ez zaio begiratu behar aurkarien mailari; lasterketak irabazteko bertan izan behar da eta tropeleko lehena iritsi. Jokinek lortu du eta zorionak berari”.

Aipatzekoa da Andoni Agirre ere podiumean izan dela, hirugarren postuan; eta Martin Amilibiak ere lasterketa bikaina egin du, bosgarren postuan amaituta.

Emakumezkoen lasterketan Cristina Loeda eibartarrak irabazi du, Marisol Ramosi ia minutuko aldea aterata. Emakumeen artean, Ane Eizagirre (48:02) izan da zumaiar azkarrena, Arritxu Manterola (48:43) eta Arritxu Agirreren (50:12) aurretik. Bost kilometroko lasterketa Aitor Etxeberria igeldoarrak eta Itziat Goñi irundarrak irabazi dute. Patinetako lasterketa ere jokatu da, Andres De Regil galdakoztarra eta Sonia Elosegi baranaindarra izan direlarik irabazleak.

Artxibo
Event Search