Web
Analytics
Pagoetatik eta Izarraiztik korrika - Lasterketak.eus Pagoetatik eta Izarraiztik korrika - Lasterketak.eus

Pagoetatik eta Izarraiztik korrika

Mendi lasterketen sukarra hedatuz doa, eta astebururo modalitateko hainbat proba antolatzen dituzte Euskal Herri osoan. Atzo, esaterako, bi jokatu zituzten eskualdean: Pagoeta Mendi Lasterketa eta Izarraitz Mendi Lasterketa. Egun eta ordu berean antolatu zituztenez, parte-hartze xumeagoa izan zuen batak zein besteak. Horrez gain, Zegama-Aizkorri mendi maratoia baino astebete lehenago izateak ere ez zuen gehiegi lagundu. Edonola ere, parte hartzera animatu zirenek gogotik gozatu zuten Urolaldeko nahiz kostaldeko maldatan gora eta behera.

 

Ruben Lanz legazpiarra eta Aitziber Ibarbia zizurkildarra izan ziren Zarauztik Pagoetako gurutzera joan-etorria egiten bizkorrenak. Biek aise irabazi zuten, bigarren sailkatuei minutu batzuetako aldea aterata. Nolanahi ere, lasterketako errekorretik urruti geratu ziren. Emakumezkoen podiuma, bien bitartean, eskualdeko korrikalariek osatu zuten: Leire Atxutegi zumaiarra bigarren postuan helmugaratu zen, eta Itziar Izagirre, berriz, hirugarren. Atxutegik, bere aldetik, Amaia Azkue zenari eskaini nahi izan zion bere lorpena. Guztira, 197 lagunek amaitu zuten erronka; apustuak tarteako, ibilbidea abarkekin osatu zuenik ere izan zen.

Azpeitian, 147 korrikalarik gainditu zituzten Izarraizko hiru tontorrak.  Duela bi urte bezalaxe, Walther Becerra izan zen garaile gizonezkoetan; eta haren atzetik etxekoak helmugaratu ziren: Xabat Manzisidor eta Enekoitz Aizpuru azpeitiarrak, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, Urruñako bizilagun Maoud Combarieuk erakustaldi ederra eman zuen. Irabazteaz gain, Nerea Amilibiaren errekorra ia 5 minututan hobetu zuen. Amilibiak berak ere bere denbora hobetu zuen, lasterketa bikaina eginda, baina bigarren postuarekin korformatu behar izan zuen.

IX. PAGOETA MENDI LASTERKETA

Gizonezkoak
1. Ruben Lanz    01:05:24
2. Iker Oliveri    01:08:46
3. Luis Mari Otegi    01:09:02

Emakumezkoak
1. Aitziber Ibarbia    01:19:47
2. Leire Atxutegi    01:24:16
3. Itziar Izagirre    01:25:13

Eskualdeko onenaren HITZA Saria.
1. Mikel Iruretagoiena (Aia)
1. Leire Atxutegi (Zumaia)

VIII. IZARRAITZ MENDI LASTERKETA

Gizonezkoak
1. Walther Becerra    01:56:08
1. Xabat Manzisidor    02:00:47
1. Enekoitz Aizpuru    02:00:58

Emakumezkoak
1. Maud Combarieu    02:21:56
2. Nerea Amilibia    02:24:33
3. Yolanda Gurendez    02:34:26

Iturria: http://urolakosta.hitza.info

Artxibo
Event Search