Web
Analytics
Urtea bukatu aurretik hiru herri lasterketa izango dira Donostian - Lasterketak.eus Urtea bukatu aurretik hiru herri lasterketa izango dira Donostian - Lasterketak.eus

Urtea bukatu aurretik hiru herri lasterketa izango dira Donostian

IRUTXULOKO HITZA. Mendeurrenaren lasterketa, Hondartzako Krosa eta San Silvestre antolatu dituzte datozen asteetarako.

Herri lasterketen garaia izaten da udazkena; eta Behobia-Donostia igarota ere, korrika egiteko gogoz geratu diren horiek, urte bukatu aurretik hainbat aukera izango dituzte hiritik mugitu gabe. Zehazki, hilabete honetan, hiru kros egongo dira, Mendeurren Lasterketa, Hondartzako Krosa eta San Silvestre donostiarra. Beraz, izerditzeko aukerarik ez da falta.

Mendeurren Lasterketa, abenduaren 16an egingo dute lehen aldiz, 10:00etan. Ehun urte betetzen dituzten hainbat eraikin eta erakunde omentzeko helburuarekin antolatu dute lehia. Zehazki, Maria Kristina Hotela, La Perla Talasoterapia, Viktoria Eugenia Antzokia eta Euskotren dira 2012an ehun urte bete dituztenak.Guztira, ibilbideak 7 kilometro izango ditu eta 10:00etan hasiko da. Izen ematea, Kirolprobak.com webgunean edo Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko edozein taberna edo jatetxetan egin daiteke. Banaka edo Gipuzkoako Ostalaritzako bazkide baten izenean eman daiteke izena. Honela, bakarkako eta taldekako sailkapenak osatuko dituzte. Lasterketan 16 urtetik gorakoek izango dute parte hartzeko aukera. Txipa dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta 12 euro txipa ez dutenek.

Ibilbideari dagokionean, guztiz laua izango da, Argentina Errepublikan hasi eta bukatuko da. Gainera,mendeurrena betetzen duten eraikinetatik igaroko da ibilbidea. Honako kaleetatik igaroko da lasterketa:Argentina Errepublika, Salamanka hiribidea, Soraluze, Abuztuak 31, Kale Nagusia, Portu kalea, Portaletas, Nautikoa, Kontxa pasealekua, Txillida hiribidea eta Funikularra; ondoren, itzultzeko, bidegorritikigaroko dira, Txillida hiribidea, Kontxa pasealekua, Nautikoa, Igentea kalea eta Bulebarra, eta Argentina Errepublika. Lehenengo helmugaratuak saritzeaz gain, sariak banatuko dituzte partaideen artean.

Kontxan ere bai
Hondartzako XXXII. Krosaren txanda izango da abenduaren 22an, 16:30ean. Lasterketa laburra izango da Donostiako Atletikok antolatutakoa, izan ere, partaideek 4 kilometroko ibilbidea egin beharko dute Kontxan barrena. Lasterketak.com webgunean eman daiteke izena. Haurrek ez dute ordaindu beharko lasterketan parte hartzeagatik. Helduek, berriz, txip horia badute 10 euro ordaindu beharko dute, eta Txip horia behar dutenek, 20 euro. Donostiako Atletikoko bazkideek merkeago izango dute izen ematea.
Bestetik, urteko azken egunean, Donostiako San Silvestre lasterketa jokatuko dute. Gehienez 3.000 korrikalarik izango dute parte hartzeko aukera. Sansilvestredonostiarra.com eta Kirolprobak.com webguneetan eman daiteke izena. Lasterketa 16:00etan hasiko da, eta parte hartzaileek 8,6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute.

Uliako Txakurkrosa jokatuko dute igandean, bigarren urtez jarraian: Iazko bideari jarraituz, Ojo Kirol Taldeak Uliako Txakurkrosa antolatu du bigarren urtez jarraian. Datorren igandean izango da korrikalari eta txakurrentzako lehia, eta irteera eta helmuga Ulian bertan izango ditu. Hori baino lehen, ordea, 9:00ak inguruan, albaitariaren kontrola igaro beharko dute animaliek. Sari banaketa, berriz, 13:00ak inguruan egingo dute. Federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko, eta federatuak ez daudenek, berriz, 18 euro. Guztira, 6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute partaideek, asfaltatu gabeko bidetik. Izen ematea 17 urtetik gorako edonork egin dezake eta Herrikrossa.com webgunean egin behar da. Informazio gehiagorako 679610288 telefonora dei daiteke edo [email protected] postara idatz daiteke.

Artxibo
Event Search