Web
Analytics
Zegama-Aizkorri mendi maratoiko dortsalak gaur zozkatuko dituzte Zegamako udaletxean - Lasterketak.eus Zegama-Aizkorri mendi maratoiko dortsalak gaur zozkatuko dituzte Zegamako udaletxean - Lasterketak.eus

Zegama-Aizkorri mendi maratoiko dortsalak gaur zozkatuko dituzte Zegamako udaletxean

Zegama-Aizkorri mendi maratoian 2.300 lagunek eman dute izena, eta guztiek parte hartu ezin dezaketenez, gaur zozketa egingo dute Zegamako udaletxean, 19:00etatik aurrera. Guztira 225 dortsal zozkatuko dituzte antolatzaileek. Irekia izango da, eta beraz, nahi duenak joan ahalko du bertara. Emaitzak gaur bertan jarriko dituzte ikusgai www.zegama-aizkorri.net webgunean.

Aurten lehen aldiz hamar dortsal ere zozkatuko dituzte Zegamako gimnasioaren bazkideen artean. Ekimen hori, batez ere, kanpokoei begira jarri dute abian, herritarrek zuzenean jasotzen baitute zenbakia. Hamar dortsal horien zozketan sartzeko derrigorrezkoa da gimnasioan urte beterako bazkidetza txartela edukitzea. Txartela zozketa egunaren aurretik egin beharko da. Horregatik mendi maratoiaren antolatzaileek jakitera eman dutenez, norbaitek bazkide egin nahi izango balu, gaur eguerdiko ordu biak arteko epea izango du horretarako. Interesa dutenek, Zegamako udaletxera edota udal gimnasiora joan behar dute.

Bazkideen artean hamar pertsona baino gehiagok parte hartu nahiko balute egingo dute zozketa, gaur, ordu eta leku berean. Hamar bazkide baino gutxiago agertzen badira, berriz, zuzenean emango diete zenbakia.

Gainerako dortsalak
Zozkatuko dituzten dortsal horiez gain, antolakuntzak beste 125 erreserbatuko ditu kalitatea saritzeko. Hala, aurreko bi probetako (2010-2011) denbora onenak egin zituztenek, zein urte guztietan parte hartu dutenek, ez dute zozketan parte hartu beharrik izango. Bestalde, maila horretako probek hainbat konpromiso dakartzatela ikusita, antolakuntzak beste 100 ere erabiliko ditu konpromiso horiei erantzuteko.

Dortsala lortzeko beste aukerak

Gogoratu behar dugu, zozketan dortsalik lortzen ez dutenek, www.lasterketak.com web gunearen bitartez bat lortzeko aukera izango dutela komentario baten truke.

Iturria: http://goierrimendebaldea.hitza.info

 

Artxibo
Event Search