Web
Analytics
Bueltan da Gorbeia Suzien mendi lasterketa eta berrikuntzekin dator - Lasterketak.eus

Bueltan da Gorbeia Suzien mendi lasterketa eta berrikuntzekin dator

Zazpigarren edizioak Gorbeia Suzien Kilometro Bertikala dakar nobedade moduan. Ekainaren 1ean zabalduko dira izen-emateak Gorbeia Suzien Ternua lasterketarako eta ekainaren 10ean Gorbeia Suzien Kilometro Bertikalerako.

ZEANURI. 2012an aurkeztu zen Gorbeia Suzien jendaurrean. Lehenengo edizio hura Euskal Kopako azken proba izan zen eta ordudanik hazi ta hazi egin da. 2014an Skyrunner National Championship eta Euskal Kopa hartu zituen bere baitan eta harrezkero nazio arteko froga izan da. Nabarmentzekoa, azken edizioan Skyrunningeko Europako Txapelketako lasterketa izan zela. Nazio arteko froga izaki, hamaika nazionalitateko korrikalari erakarri ditu Gorbeia Suzienek, hala nola, australiarrak, alemaniarrak, frantziarrak, amerikarrak, italiarrak, espainiarrak, poloniarrak, portugaldarrak, austriarrak, holandarrak…. Gizonetan, Ionut Zincak irabazi zituen Gorbeia Suzieneko aurreneko hiru edizioak. Zincaren erregealdiari urte bakarreko agintaldiek eman zioten jarraipena: Manuel Merillas, Luis Alberto Hernando eta Aritz Egea izan dira hurrenez hurren azken garaileak. Emakumeei dagokienez, Oihana Kortazar, Leire Agirrezabala, Maite Maiora, Laura Orgue, Andrea Gil eta Ingrid Mutter izan dira podiumeko gorengo kajoira igo direnak. Beraz, hamaika jatorri baina helburu bakarra: Gorbeia Suzien lasterketa irabaztea.

Edo ez. Gorbeia Suzienek bestelako amets batzuk ere erakarten ditu. Esaterako, 2016. urtean Tofol Castanyer lasterkariak Mallorcan harro kontatu zituen gure lasterketan bizitakoak eta hurrengo edizioan Mallorcako familia baten bisita izan genuen.  Hori ere bada Gorbeia Suzien.

Bueltan da Gorbeia Suzien

Gorbeia Suzienek arnasa hartu beharra sentitu zuen iaz eta hala egin zuen. Urte beteko atsedenaldiaren ondoren indarberrituta eta aldaketekin dator orain. Azken urteetan bidelagun izan ditugun taldekide batzuek taldea utzi dute eta eskerrak adierazi nahi dizkiegu egindako guztiagatik, izan ere, Suzien Mendi Klubak zuen ametsa errealitate bihurtu zuten.

Itzulerak ez ei dira errazak izaten eta apurka-apurka hasi behar izaten dela diote. Guk ez dugu horretan sinesten. ISF SPAIN-ANDORRA SERIES txapelketako seigarren eta azken proba erabakiorra izango da Gorbeia Suzien mendi lasterketa. Eta hori gutxi balitz, EUSKAL MENDIZALE FEDERAZIOKO RANKINGerako puntuagarria izango den Gorbeia Suzien Kilometro Bertikala gehitu dugu (San Justo baselizatik abiatu eta Lekandako tontorrean izango du helmuga. 1000 metroko desnibela lau kilometrotan).

Lasterketa + Kilometro Bertikala. Izen-emateak.

Gorbeia Suzien Ternua Lasterketa: Zeanuriko herrigunean hasiko da lasterketa eta San Justoko ermitan gora barneratuko da Gorbeiako parke naturalean. Igoera aldapatsuak izango ditu hasierako tarte horretan. Malkar horiek gainditu eta Zanburura iritsita, Lekandako tontorrera abiatuko da ahalik eta biderik zuzen eta bizkarrena hartuz. Gain harritsu honetara iritsi orduko, ezkerretara eginda, Arrabako zelai berdeetarantz joko du. Arraba osteko gailurreritik Zastegiko eremura helduko da eta hortik abiatuko da Gorbeiako tontorrera. Ondoren, Azero ingurura jeitsiko da, bertatik, azken igoera pikoari helduko diolarik. Han izango du zain Aldamin.  Amaitzeko, jeitsiera luze bati ekingo dio Zeanuriko helmugara iritsi arte, tartean igoera labur pare bati aurre egin ondoren.

Beste urte batez Gorbeiako Parke Naturala zeharkatzen duen ibilbideaz gozatu ahal izango dute lasterkariek. 31 kilometrotan 2.400 metroko desnibelari egin beharko diete aurre korrikalariek.

Ekainaren 1ean zabalduko dugu izena emateko epea, goizeko 09.00etan, RockTheSport plataformaren bidez. Zabalik egongo da ekainaren 5eko gaueko 23.59ak arte. Ekainaren 8an, arratsaldeko 18.00etan egingo dugu zozketa Zeanuriko Udaletxean eta ondoren, parte hartzaileen zerrenda www.gorbeiasuzien.eus webgunean eta sare sozialetan argitaratuko dugu. Aurtengoan lasterketa bakarra izango da, ez baita ibilbide laburrik egingo.

Gorbeia Suzien Kilometro Bertikala: Zeanuriko herrigunean hasiko da. Gorbeiako parke naturalaren atari den San Justo ermitara arte lasterketa neutralizatua izango da eta San Juston bertan abiatuko da lasterketa. Hasiera-hasieratik Zanburu gainera eramango gaituen lehen igoera malkartsuari egin beharko diote aurre. Tarte horretan lokatz handia egon daiteke. Behin Zanburura iritsita, Lekandako tontorrera joango dira biderik zuzen eta aldapatsuenetik. Tontor horretan bukatuko dute lasterketa. Tontorrera bidean urbide bat zeharkatu eta azken malda gogor bat izango dute zain. Azken 200 metroetan harri solteak egongo dira eta eguraldiaren arabera, haizearen menpe egongo dira.

Ekainaren 10ean zabalduko dugu izen-ematea RockTheSport plataforman, goizeko 09.00etan. Izena emango duten lehen 150 parte hartzaileek izango dute parte hartzeko aukera.

SARE SOZIALAK ETA KONTAKTUA

Telefonoa: 652 753 199 (Jurek)

Mail: [email protected]

Webgunea: http://www.gorbeiasuzien.eus

Facebook: Gorbeia Suzien Ternua (https://www.facebook.com/GorbeiaSuzien/)

Instagrama:  gorbeiasuzien (https://www.instagram.com/gorbeiasuzien/?hl=es)

Courses connexes
Nouvelles connexes
Ecrire un commentaire