GOIERRIKO HITZA. Antolakuntzatik euren twitter jarioan igorritako datuen arabera, Goierriko 2 Handiak proban 271 korrikalari atera ziren ostiral gauean eta 196 helmugaratu dira larunbateko 21:00etan azken kontrol gunea itxi baino lehen. Ehunmilak probari dagokionez, larunbat arratsaldeko lehen orduan eman zituzten datuen arabera, 187 korrikalaritik 64 erretiratuta zeuden jada. Euriak eta batez ere hotzak eragin handia izan dute horretan. Txindokiko gaina zapaltzeari uko egin behar izan dio aurten antolakuntzak, eta azkenean beheragotik zihoan ibilbide bat jarraitu dute bi probetako partaideek. Lizarrustiko kontrol gunera izoztuta iritsi dira asko, Txindoki magaleko hotza mintzagai bakar bihurtuz. Salda beroa eskari entzunenetako bat izan da.
Euriak ere ez du lagundu. Lurra lokaztu du eta asko izan dira erorikoak izan dituzten parte hartzaileak. Behelainoak ere lagunduta, Txindoki magaleko jaitsieran kontu handiarekin ibili behar izan dute korrikalariek.