
Udazkenean sartu gara, eta 2026a azken txanpara gerturatzen ari da. Urte amaiera hurbiltzearekin batera, Azpeitiko Sansilbestrie ere badator! Aurtengoa, gainera, edizio berezia izango da: 25.a!
25 urtez urtea ONDO BUKATZEN ETA HOBETO HASTEN! Eta urteurrena ospatzeko modurik onena elkarrekin lasterka egitea da, Azpeitiko kaleak kirolez eta festa-giroz betez.
Azken urteetako hazkundeari erantzuteko eta festa honetan jende gehiagok parte hartzeko aukera izan dezan, 2025ean baino 100 dortsal gehiago jarriko ditugu eskuragarri.
- 3 km-ko lasterketa motza: 200 dortsal.
- 6 km-ko lasterketa nagusia: 1.400 dortsal.
Izen-emateak urriaren 1ean irekiko ditugu, 18:00etan, Kirolprobak webgunean.
2025eko ibilbideei eutsiko diegu. Azpeitiko alde zaharreko eta erdiguneko kaleak korrikalariz, ikuslez eta animoz beteko ditugu berriro, urteari merezi duen amaiera emateko.
Inklusioak ere bere lekua izango du, lasterketa inklusiboaren 11. edizioarekin. Iaz diseinatutako ibilbideari jarraipena emango diogu, eta guztiok zaudete gonbidatuta ATZEGI eta Txolarteko kideei eskua ematera eta haiekin batera parte hartzera. Gaztetxoenak buru direla, guztion artean egingo dugu urte amaierako kirol-festa!
Elkartasunari ere tartea egingo diogu. Iaz bezala, MINBIZIAREN AURKA GIPUZKOAN ELKARTEARI laguntzeko aukera izango dugu, izen-ematearekin batera borondatezko ekarpena eginez. Guztion ekarpenekin, urte amaierako festa elkartasunez beteko dugu!
Aurten, izen-emate kuotek euro bateko igoera izango dute. Kamisetarekin edo kamisetarik gabe eman ahal izango da izena:
- Kamisetarik gabe: 9 €.
- Kamisetarekin: 16 €.
Aurtengo kamiseta 42K etxekoa izango da beste behin, 25. edizioari keinu berezia eginez.
Antolakuntzari laguntzeko prest? Iaz bezala, 25 izen-emate doan eskainiko dizkiegu lasterketa amaitu ondoren jasoketa-lanetan laguntzeko prest dauden kideei. 13:30etik 14:00etara, 30 minutuz laguntzearen truke, dortsala doan eta antolakuntzako sudadera jasoko dituzte. Zuen laguntza ezinbestekoa da festa hau aurrera ateratzeko!
Animaziorik ez da faltako, eta urteurrena ospatzeko ekintza berezi bat prestatzen ere hasiak gara. Laster emango dizuegu horren eta beste hainbat berrikuntzaren berri!













