Web
Analytics
Aitziber Ibarbia: «Lasterketa bat da, baina mendian zaude» - Lasterketak.eus Aitziber Ibarbia: «Lasterketa bat da, baina mendian zaude» - Lasterketak.eus

Aitziber Ibarbia: «Lasterketa bat da, baina mendian zaude»

VILLABONA AIZTONDOKO HITZA. Euskal selekzioak Mendi Lasterketetako Munduko Kopan parte hartzeko aukera eman dio Aitziber Ibarbiari (Zizurkil, 1977), aurten lehen aldiz. Horrez gain, Euskal Kopan, iaz lortutako garaipena errepikatzeko bidean aurkitzen da: hiru proba jokatu dira eta hirurak irabazi ditu.

Emaitza bikainak lortzen ari zara aurtengo denboraldian.
Sasoi onean nago, eta horrez gain, gauzak ongi irteten ari zaizkit.

Korrika ibiltzea gogorra baldin bada horrelako distantzietan, mendian are eta gogorragoa izango da, ezta?
Gustuko duzunaren araberakoa da gogortasuna. Asfaltoan korri egitea ez zait gustatzen horrenbeste, beraz, niretzat hori gogorragoa da. Mendian desberdina da: beste entrenamendu klase bat, oinez joan zaitezke, beherako errekuperatzeko aukera izaten duzu… hiru ordu inguruko lasterketa izan arren, denetik dauka.

Azken urteetan modan jarri den lasterketa da.
Duela bost edo sei urte, asteburuan proba bat izaten zen; egun, bi edo hiru izaten dira. Parte hartzaileak badaudela esan nahi du horrek, eta asfaltotik mendira saltoa eman dutenak asko direla. Hori gainera, nabaritu egiten da.

Nola nabaritzen duzue hori?
Mendiarekin izaten duten jarreragatik. Aurrez, beraien artean denetik egongo dela esan nahi dut, baina oro har, zikinkeria gehiago uzten dute lurrean. Asfaltotik datorrenak beste era batera bizitzen du; lasterketa bat da, bai, baina azken finean mendian zabiltza. Ez dut uste guztiek hori ulertzen dutenik.

Paisaiaz gozatzeko aukera izaten al duzu?
Bai, noski, baina beste modu batera. Eguraldi onarekin inguruko parajeak ederki ikusten dituzu, eta hura herri hori izango da eta bestea hura izango da pentsatzen zoaz. Soraluzen egin nuen azken lasterketa, eta ingurune ederrez gozatzeko aukera izan genuen. Hori bai, begiratzeko ez zara gelditzen.

Mendian hasi aurretik, errepidean ibiltzen al zinen?
Gaztetan bai, duatloian ibili bainintzen pixka bat. 18-20 urterekin nazkatu, eta mendian hastea erabaki nuen, besterik gabe.

Besterik gabe?
Besterik gabe mendi ibiltzen. Pirinioetara joaten hasi ginen, Alpeetara, eta 8.000 metroko mendi bat egitera ere joan ginen. Gero, azkarrago ibiltzen hasten zara, eta garai bateko korrikako sena itzultzen da, eta azkenean, denak bat egiten du.

Noiz sartu zinen mendi lasterketetan buru belarri?
Duela sei urte inguru, 8.000ko Gasherbrum II igotzeko prestatzen ari ginela. Alberto Zerain gurekin joatekoa zen mendira, eta bera mendi lasterketetan ibiltzen zen. Sasoian jartzeko, entrenamenduan berarekin egiten genituen han eta hemen. Horrela, Berako mendi lasterketan parte hartzea erabaki genuen; hura izan zen egin nuen lehen proba, eta geroztik, urtero joan izan naiz.

Lasterketak gutxienez bi ortu t’erdi ingurukoak izaten dira. Zenbat kilometrokoak izaten dira?
Maratoi erditik hasi, 21-22 kilometro, eta 35 bat kilometro ingurura arte. Gehienak tarte horretan egoten dira.

Nolako entrenamenduak eskatzen ditu distantzia horrek?
Lasterketa bera izaten da entrenamendua. Astebururo proba bat korritzen duzu, beraz, astean lasaiago hartu beharra daukazu. Atsedena ez da sofan eserita telebista ikusten egotea, ordu t’erdiko mendi itzuliak egitea, edo bizikletan ibiltzea baizik.

Zizurkiletik nora joaten zara entrenamenduetara?
Normalean Andatza aldera, eta entrenamendu gogorragoa egin behar baldin badut, Ernio ingurura.

Beti paisaia berdinak ikusten ez al zara nazkatzen?
Hori ere egia da, baina beti daude desberdintasunak: batzutan lainoa, bestetan euria; batzutan lokatza eta bestetan lehorra, edo batzutan behia eskuin aldean egoten da eta bestetan ezker aldean (Barreak).

Nor da zure entrenatzailea?
Euskal selekzioan Jokin Lizeaga  urnietarra daukagu entrenatzaile bezala.

Nola sortu zitzaizun Euskal Selekzioarekin aritzeko aukera?
Iaz nahiko denboraldi txukuna egin nuen, Euskadiko Kopa irabaziaz eta abar. Horren harira, selekziotik deitu zidaten, eurekin ea ibili nahi nuen galdetzeko. Horrek betebehar batzuk ditu berarekin, lehiatzera kanpora joan beharra adibidez. Egutegia begiratu, eta baiezkoa esan nien.

Laguntza iturri ere izango da, ezta?
Bidaiak, logistika guztia,… euren  kontura joaten da. Gure poltsikutik ez dugu ezertxo ere jartzen. Gustatzen zaiguna egiteko aukera ematen digute; guk ordaindu beharko bagenu, egingo ez genuena egiteko aukera. Laguntza, beraz, izugarria da.

Irteera puntuan nola dago jantzita mendi lasterketaria?
Normalean lasterketak udaberritik negura bitartean izaten dira, beraz, niki tiradun batekin egoten dira gehienak. Ni nahiko hotz-beroa naizenez, manga motxarekin edo luzearekin egoten naiz, eta ia denak barre egiten didate horrekin. Gero, galtza motz edo kulote batzuk, eta garrantzitsuenak, zapatilak.

Zergatik dira garrantzitsuenak?
Eguraldiaren edo lor zoruaren arabera, batzuk edo besteak aukeratzen dituzu. Irteera puntura bi edo hiru zapatila parerekin joaten naiz. Gero, ibilbidea ezagutzen duen norbaitekin hitz egin dut, asfalto asko, lokatza, harkaitza edo nolako bidea den jakiteko. Zapatilen zoruak asko laguntzen du, lasterketa bat irabaztetik galtzeraino.

Ura, janaria…
Arroparen poltsikoetan edo azken aldian, gerriko berezi bat ematen dut, ur bidoi txiki batekin. Asko edaten duen horietakoa naiz, bestela, kalanbreekin eta gaizki ibiltzen naiz.

Mendian bada beti betetzen den idatzi gabeko lege bat: taldeko norbait beti erortzen da lurrera. Korrika ez al da horrelakorik gertatzen?
Egia esan ez dakit nola ez diren gauza gehiago pasatzen, batzuk nola jaisten diren ikusi beharrik ez dago. Ni nahiko segurutik joaten naiz, erritmo bat hartu eta horrela jaisten ditut maldak, kontzentrazio handiarekin. Iaz, lau zaintiratu izan nituen, eta ongi jartzeko arazoekin ibili nintzen. Aurten, tentsio puntu altuarekin hasi nintzen, ia beldurturik. Azken aldian, ordea, konfiantza berreskuratzen ari naiz. Hala  eta guztiz ere, tentsio handiarekin ibiltzen naiz maldan behera, eta goraka baino gehiago nekatzen naiz, tentsio horregatik.

Aurrera begira, zeintzuk dira zure helburuak?
Ondorengo egunetan, Munduko Kopako hiru lasterketa egingo ditut: bi Dolomitetan, eta hirugarrena Alpeetan. Lehen proba Aizkorri-Zegamakoa izan zen, eta hamaikagarren egin nuen, baina oso berde nengoen oraindik, pneumonia bat pasa berria nuen. Hiru lasterketa hauetan ikusiko da eman dezakedan neurria.

Artxibo
Event Search