Partaideek 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute eta oraindik ere izena emateko aukera dago
Gainontzeko urteetan baino zertxobait beranduago dator Antiguako XXII. Krosa. San Joan bezperan jokatuko dute herri lasterketa, hau da, bihar, 12:00etan. IRUTXULOKO HITZA eta Berria egunkariek, baita Bagerak, Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, bultzatutako lasterketa da. Partaideak Benta Berri plazatik irtengo dira, eta 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute auzoan barrena, toki berean bukatuz.
Berandu dabilenak oraindik badu parte hartzeko aukera, gaur itxiko baitute izen ematea, kirolprobak.com webgunean. Gainera, lasterketaren egunean bertan ere, izen emateko aukera egongo da. Txip horia dutenek 8 euro ordaindu beharko dituzte, txipa ez dutenek, 10 euro, eta egunean bertan izena ematen dutenek, 15 euro. Hori bai, gehienez, 600 korrikalarirentzako tokia egongo da. Beraz, azkarrenek lortuko dute parte hartzeko txartela.
Guztientzako opariak
Korrikalari guztiei elastiko bana oparituko diete, eta hainbat opari banatuko dituzte. Zehazki, hamar afari bikoitz zozkatuko dituzte, Arzak, Berasategi, Aratz, Juanito Kojua, Laia, Portuetxe, Branka eta Buenavista jatetxeetan. Gainera, Euskal Herria eta Eslovakia emakumezkoen futbol partidarako ere lau sarrera egongo dira jokoan.
Iturria: http://irutxulo.hitza.info