Web
Analytics
Ataungo auzoetan 30 urtean korrika - Lasterketak.eus Ataungo auzoetan 30 urtean korrika - Lasterketak.eus

Ataungo auzoetan 30 urtean korrika

Igandean jokatuko da Ataunen Hiru Auzoetako Korrikaldia; aurten 30 urte beteko ditu lasterketa herrikoiak.

Aurten 30 urte beteko ditu Ataungo Hiru Auzoetako Korrikaldiak. Goierriko lasterketa herrikoien artean beteranoetako bat da Ataun Kirol Elkarteak antolatzen duen proba, eta gogor fama badu ere, urtero ehundik gora lagunek (iaz 177 izan ziren) parte hartzen dute bertan. Izenak dioen moduan, Ataungo hiru auzoetatik pasatzen da lasterketa, 17,3 kilometroko ibilbidea osatuz.

San Martin auzoko plazan hasi eta bukatuko da proba. Goizeko 11:00etan abiatuko dira korrikalariak, San Gregoriora bidean. Ergoiena eta Kaxeta atzean utzita, Aiaraino joango dira, han buelta hartu eta atzera bide osoa egiteko. Bidean zehar eta helmugan bertan, hainbat anoa postu jarriko dituzte korrikalarientzat, ur botila eta frutarekin.

Sariei dagokionean, lasterketako aurreneko hiru sailkatuez gainera, lehen herritarrak ere jasoko du ordaina. Bestalde, parte hartzen duten korrikalari guztiei, kamiseta bana emango diete; zenbait zozketa ere egingo dira parte hartzaile guztien artean; hala, herriko denda eta jatetxeetako produktu eta otorduak, kirol materiala eta erosketa bonoak lortzeko aukera izango da.

Marka haustea helburu

Probaren irabazleak jasoko duen sariaz gainera, antolakuntzak beste 300 euroko gainsaria jarri du Korrikaldiko marka ontzea lortzen duenarentzat. Azken urteetan, Joanjo Igartzabal zumarragarra izan da proba honetan jaun eta jabe, baina Pello Garinek du proba honetako marka, 56:12ko denborarekin. Emakumezkoetan berriz, Alizia Olazabalen marka gainditzen saiatu bejarko dute (1:09:59). Korrikalarien artean ordea, Elena Calvillo izango da erreferentzia, hura izan baitzen iazko proba irabazi zuena.

Izena emateko bideak

Ataungo Hiru Auzoetako Korrikaldian parte hartu nahi dituztenek bi bide dituzte izena emateko. Aurrez apuntatu nahi dutenek, www.herrikrossa.com webgunean izango dute aukera, 10 euro ordainduta. Egunean bertan ematen dutenek 15 euro ordaindu beharko dute. Izena ematea eta 16 urte beteta izatea dira proba honetan parte hartzeko baldintza bakarrak.

Iturria: www.goierrikohitza.info

Artxibo
Event Search