Web
Analytics
Aurrenengo San Silbestre herrikoia antolatu dute Zestoan - Lasterketak.eus Aurrenengo San Silbestre herrikoia antolatu dute Zestoan - Lasterketak.eus

Aurrenengo San Silbestre herrikoia antolatu dute Zestoan

San Silbestre Herrikoia antolatu du Zestoako Udalak lehen aldiz. Urteko azken egunean izango da krosa, arratsaldez, 17:00etan. «Lasterketa erraza» izango dela aurreratu du Iban Narbaiza zinegotziak. Izan ere, edonork parte hartzeko moduko ibilbidea antolatu dute. «Helburua edozein herritarrek parte hartzeko moduko lasterketa izatea da, edonork egiteko modukoa».

Lasterketa hasi baino ordubete lehenago eman ahalko da izena. Beraz, 16:00etatik 16:45era bitartean egongo da irekita, eta nahi duenak izango du parte hartzeko aukera. Gainera, zinegotziak gogorarazi duen moduan, ez da ordaindu beharrik izango, doan hartu ahalko da parte lasterketan.

Hamasei urtetik beherakoentzako 1,3 kilometroko ibilbidea prestatu dute, eta zaharragoentzako, berriz, 3,5 kilometrokoa. «Herri barrutik igaroko da ibilbidea, bertako giroa pizteko». Urte Zahar Egunean giroa pizteko helburuarekin ere egin dutela dio Narbaizak, lasterketa amaitutakoan jendeak kalean jarraituko dutela uste baitu Udalak. Garbi utzi du zinegotziak helburua ez dela «eliteko» saioa izatea, «festa giroan ospatutako ekimena» baizik. Oraindik zehazteko dagoen arren, musika edo bertsolariren batzuk jartzeko asmoa dutela aurreratu du, giroa alaitzeko.

Sariei dagokionez, gizonezko eta emakumezko irabazlearentzako urdaiazpiko eta ardo botila bana egongo da helmugan, antolatzaileek aurreratu dutenez. Gaztetxoentzako ere egongo dira sariak, oraindik zehaztu gabe dituzten arren. Horrez gain, parte hartu duten guztien artean opariak zozkatuko dituzte.

Talde arteko elkarlana
Zestoako Atletismo Taldekoek proposatutako ekimena da San Silbestre lasterketa. Horiekin batera, lasterka ibiltzen den hainbat lagunek, kiroldegiko arduradunek, eta Gazte Asanbladakoek taldetxoa sortu dute, proba aurrera atera ahal izateko.

Iturria: http://zestoa.hitza.info

Artxibo
Event Search