Web
Analytics
Bealakek herri lasterketaz gain mendiko proba ere antolatu du martxorako - Lasterketak.eus Bealakek herri lasterketaz gain mendiko proba ere antolatu du martxorako - Lasterketak.eus

Bealakek herri lasterketaz gain mendiko proba ere antolatu du martxorako

Bealak korrikalari taldeak bi proba antolatu ditu datorren hilerako. Iaz harrera ona izan zuen herri lasterketaz gain, Arriarango I. Mendi Lasterketa ere egingo dute aurten. Bi probak martxoan izango dira, eta izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko.

Bealak elkarteko kideak eta udal ordezkariak Antzizar kiroldegian elkartu ziren atzo, bi proben berri emateko. Jon Alkaiaga kirolerako udal teknikariaren arabera, «kirolaren udal fundazioarentzako oso talde berezia eta garrantzitsua» da Bealak taldea, «kirolaren sustapenean eta bilakaeran ekarpen handia» egiten duelako. Talde berria izan arren, urtean bost ekintza antolatzen dituztela eta 60 bazkidetik gora dituztela gogorarazi zuen.

Antolatu dituzten bi proben inguruko azalpenak Koldo Agirrek eman zituen. Beasaingo alkate izateaz gain, Bealak taldeko kide ere bada Agirre. Aurreneko herri lasterketa iaz egin zutela gogorarazi zuen; «nahikoa ondo atera zen, eta parte hartu zuen jendea gustura gelditu zen». Martxoaren 4an egingo dute; 10:00etan hasiko da umeen proba eta 11:00etan helduena. Hamalau kilometro izango ditu, eta «ibilbide laua eta erosoa» izango dela esan dute. Agirreren arabera, «aurten egingo dugun aldaketa bakarra trafiko aldetik izango da, eta egoera arintzen saiatuko gara herritarrentzat. Herriko ia edozein lekutatik egongo da ateratzeko aukera, baina jendeari eskatu nahi diogu kontutan izateko lasterketa 11:00etatik 12:30era bitartean izango dela, eta ahal dela aurretik mugitzeko kotxeak».

Mendi proba, aurreneko aldiz
Beasaingo herrigunean egingo duten lasterketaz gain, mendi lasterketa ere antolatu dute martxoaren 17rako, Arriarango Intxaurpe elkartearekin batera. Proba nagusia arratsaldean izango da, baina goizean, «umeentzako proba berezi bat» antolatu dute: Euskadiko mendi lasterketako selekzioarekin batera entrenatzeko aukera izango dute. Helduen proba 16:00etan hasiko da, eta 15 kilometroko luzeera eta 750 metroko desnibela izango du. Agirrek, «ibilbide polita» dela eta «Arriarango ia baserri guztietatik» pasatzen dela azaldu du.

Herri lasterketan eta mendi proban izena emateko epea zabaldu dute. Horretarako, bealak.com edo kirolprobak.com webguneetara jo daiteke.

Iturria: http://beasain.hitza.info

Artxibo
Event Search