ANBOTO.ORG. Orain asteburu bi, hamalau orduren barruan Durangoko Gau Krosa eta Urkiolako Maratoi Erdia irabazita amaitu zuen joan zen denboraldia David Garciak, eta aurtengoari Soraluze-Bergara lasterketa laugarren urtez jarraian irabazita ekin dio. Pistak gero eta gutxiago erakartzen du. Hiri probak eta krosa beti bezain gustuko ditu, eta aurrera begira mendi lasterketen mundua hurragotik ezagutu gura du.
Hamalau orduan lasterketa bi irabazi zenituen orain aste bi. Horrelakorik lortu duzu inoiz?
Hain denbora gutxian lasterketa bi irabaztea ez, baina iaz Berako (Nafarroa) Lizuniaga Igoera zapatuan, eta Ataungo lasterketa domekan lehiatu nituen. Domekakoa irabazi egin nuen. Hala ere, denbora tarte handiagoa zegoen lasterketa bien artean, domekakoa arratsaldez zelako.
Zelan joan ziren Durangaldeko lasterketa biak?
Durangokoa laburra zen, lau kilometrokoa, eta oso ondo nengoen. Erritmo aldetik ez zitzaidan gogorra egin. Azken 500 metroetan aldatu nuen erritmoa, eta bakarrik helmugaratu nintzen. Giro aldetik itzela izan zen, ikusle asko batu zen zirkuituan zehar. Urkiolakoan taldetxoan hasi ginen. Ondo nengoenez, hirugarren kilometroan aurrera jo nuen. Apur bat luzetxo egin zitzaidan, baina aldea nuenez, egoera kontrolatzen ibili nintzen.
Herri lasterketak edo mendi lasterketak dituzu gurago?
Herri lasterketak gustatzen zaizkit; lasterketa motzak eta arinak dira, itzelezko giroa egoten da, eta jendeak asko animatzen du. Baina orain mendi lasterketak probatzen hasi naiz. Bakoitzak bere gorputza ezagutzea eskatzen du, indarrak neurtu eta kudeatzea. Hori ere gustatzen zait.
Nondik datorkizu korrika egiteko afizioa?
Zortzi urtegaz edo hasi nintzen, hemen, Landakon. Niri futbola gustatzen zitzaidan, baina amari ez zitzaion gustatzen futbolaren inguruan sortzen zen giroa: Gurasoak sarritan zarataka… Beste kirol bat probatzea proposatu zidan, eta atletismoan hasi nintzen. Hasieran txarra nintzen, baina apurka-apurka gustatu egin zitzaidan.
Zelakoa izan da pistan eduki duzun garapena?
Txikitan krosak eta herri lasterketak egiten dira, batez ere. Pistari dagokionez, gazte mailan Espainiako txapeldun geratu nintzen 5.000 metroan.
Pistako probetan parte hartzen jarraitzen duzu?
Bai, jarraitzen dut, baina egia esateko, gero eta gutxiago. Orain ez zait hainbeste gustatzen pistan aritzea. Nahiago ditut maratoi erdiak, krosak eta antzerakoak. Pistan aritzea gero eta gogorragoa egiten zait. Asko entrenatu beharra dago. Beti sasoian egon behar da, baina batzuetan, sasoian egonagatik ere, markak ez dira heltzen. Nik beti diot pistan erlojuak agintzen duela, eta beste lasterketetan, aldiz, lortzen den postua dela garrantzitsua. Pistan lasterketa bat irabazi arren, denbora, beharbada, ez da espero zena, eta sentsazio hori ez zait gustatzen, gogorra da. Hainbeste entrenatu, eta markarik lortu ezin. Buruari bueltak ematen dizkiozu. Ez da eramateko erraza.
Etorkizunari begira norantz jo gura duzu?
Pista apurka alboan izten ari naiz, eta mendiko lasterketak gehiago probatu gura ditut. Hainbatek esan didate: “Mendiko lasterketetan ondo ibili zintezke”. Horrelako lasterketetan ez da atzerriko hainbeste jende ibiltzen, marokoarrak, esaterako, eta postu hobeak lortzeko aukera dago.
Mendi lasterketetan aritzeko prestakuntza diferentea da?
Mendiak asko ibiltzea eskatzen du. Errepidean entrenatu eta mendi lasterketetara bazoaz, hankek sufritu egiten dute. Entrenamenduei dagokienez, nire neska-lagun Aneri eskerrak eman gura dizkot. Sarritan kosta egiten da entrenatzen irtetea, eta bera beti dago ni animatzen. Gainera, lasterketa guztietara etortzen da. Sostengu handia da.
Zelan joan da amaitu berri den denboraldia?
Lehenengo zatia ona izan zen. Donostia-Behobian laugarren geratu nintzen, eta Santurtzi-Bilbon lehenengo euskalduna izatea lortu nuen. Krosean Bizkaiko txapelketa irabazi nuen, eta Euskadikoan (kros laburrean) hirugarren sailkatu nintzen. Denboraldiko azken lasterketak Durangoko Gau Krosa eta Urkiolako Maratoi Erdia izan ziren.
Zelan gogoratzen duzu Donostia-Behobia lasterketa?
Eguraldi zatarra egin zuen, euria, haizea… Gorputza berotzea kostatu egin zitzaidan. Lehenengo biek ihes egin zutenean hiru geratu ginen euren atzetik. Esprintean erabaki genituen postuak, eta laugarren helmugaratu nintzen 1.03.25eko denboragaz. Parte hartzen nuen bigarren aldia zen, eta aurten ez dut errepikatuko. Zelan esan? Urtero eginez gero, parte hartzeko motibazio hori apurka galdu egiten da, eta ez dut horrelakorik gura. Orain hiru urte parte hartu nuen lehenengoz, eta iaz bigarrengoz. Datorren urtean berriro joango naiz, beharbada. Gainera, helburua beti da aurreko aldiko postua hobetzea, eta laugarren postu bat hobetzea gaitza da.
Eta hasi berri den denboraldirako, zein da zure helburu?
Joan zen asteburuan hasi nuen denboraldia, Soraluze-Bergara lasterketagaz, eta laugarren bider segidan irabazi nuen. Proba polita da. Bidegorri batetik heltzen zara Bergarara, eta jendez betetako kaleetan dago helmuga. Polita eta motibagarria da. Iaz Bilboko herri krosa irabazi nuen, eta aurten ere parte hartuko dut. Santurtzi-Bilbo proban ere iazkoa berdintzea dut helburu, lasterketako lehen euskalduna izatea. Handik aurrera, krosean, otsailean izango den Bizkaiko txapelketa mantentzea gura dut, eta Euskadikoan ea podiumean sartzen naizen.