MOMENTUZ 70 LAGUNEK EMAN DUTE IZENA LASTERKETA HERRIKOIAN PARTE HARTZEKO
Cristina Enea parketik atera eta Erriberetaraino doan hiru kilometroko ibilbideari bi buelta emango dizkiote
Ehun korrikalari inguru espero dituzte antolatzaileek larunbatean Cristina Enean, Egiako Sudur Krossaren hirugarren edizioan parte hartzeko zain. Momentuz, 70 bat lagunek eman dute izena baina normalean dezente dira lasterketaren bezperan edo egunean bertan animatzen direnak. Hor eguraldiak ere eragina izango du eta euririk ez badu egiten, behintzat, aurreko edizioetako partaidetza berdintzea espero dute antolatzaileek.
Lasterketa herrikoia esan bezala Cristina Eneatik abiatuko da 17.00etan eta parkea zeharkatu ondoren, Loiolako Erriberetara joko du, bueltan berriz parkera itzultzeko. Guztira hiru kilometroko ibilbidea prestatu dute eta korrikalariek bi buelta eman beharko dizkiote.
Sudur Krossa lasterketa herrikoia da eta umorea ere ez da falta izaten. Hala, eta jai giroarekin jarraitzeko, korritu ondoren luntx bat izango da auzoko Plaza Haundin (Martin Santos). Korrikalari guztiei dei egin diete lasterketa bukatutakoan plazara gerturatzeko: kiroldegiko dutxak izango dituzte erabiltzeko prest eta sariak banatuko dituzte: lehenengo egiatarrak ere igoko dira taula gainera.
Zozketak izango dira parte-har-tzaile guztien artean ondoren. Hala, Egiako tabernetan afariak zozkatuko dituzte, baita kirol materiala ere, besteak beste.
Oraindik izena emateko aukera badute interesatuek. Aldez aurretik eginez gero, sei euro ordaindu beharko dituzte eta www.herrikrossa.com webgunera, auzoko Tetuan tabernara edo Erdialdeko Laister eta U-51 dendetara jo dezakete. Larunbatean bertan lasterketa hasi baino ordubete lehenago arte izango da apuntatzeko aukera Cristina Enean bertan, bederatzi euro ordainduta.
Egiako Arrano Elkarteak antolatzen du hirugarrenez Sudur Krossa, C.A. Trintxerperen lagun-tzarekin.
Iturria: http://www.noticiasdegipuzkoa.com