Lehen kilometroak eginda dituzte dagoeneko korrikalariek, eta arratsaldean iritsiko dira azkarrenak helmugara.
Mendira begira dago Goierri dagoeneko, eskualdeko eta Gipuzkoako mendietan barrena dabiltzan korrikalariei begira. Atzo arratsaldean hasi zen Ehunmilak proba, eta azkarrenak gaur arratsaldean iritsiko dira helmugara, pausorik pauso 167 kilometroak egin ondoren. Goierriko Bi Haundiak proban parte hartzen ari direnak eguerdi aldera iritsiko dira Beasaingo helmugara.
IRTEERA ARGAZKIAK – FOTOS DE LA SALIDA
DENBORAK ZUZENEAN – TIEMPOS EN DIRECTO: EHM – G2H
Ibilbide luzea egiteko 320 korrikalarik eman dute izena, eta Bi Haundienerako 140 mendizalek. Herrialde Katalanak, Espainia, Amerikako Estatu Batuak, Portugal eta Frantziatik etorritakoekin batera korrikalari goierritarrek osatzen dute 460ko taldea.
Atzo goizerako Beasainen ziren korrikalari denak, eta herrian ere nabarmena zen korrikalarien presentzia: dortsalak eta opariak hartu, herrian hara eta hona ibili, eta bazkaltzea izan zen askoren egitekoa proba hasi aurretik. Bartzelonako hirukote bat ere halaxe ibili zen, proba hasi aurreko orduetan: «Irteera ordua noiz helduko zain gaude, korrikan hasteko irrikan», zioten.
Ibilbidea ezagutu edo ez
Ostegunean irten ziren Bartzelonatik hiru korrikalariak, eta gaua Iruñean igaro ondoren atzo goizean heldu ziren Beasaina. Lehen aldia dute Goierrira etortzen direna, eta proban zehar zer aurkituko duten ez zekitela zeuden atzo: «Taldean joango gara hirurok, beste inor ez dugu izango animoak emateko eta gure artean lagundu beharko diogu elkarri, ibilbidea paperean bakarrik ezagutzen dugu-eta».
Horixe da ibilbidea ezagutzen dutenen eta ez dutenen arteko aldea: «Inoiz etorri ez izanak hori du, zer aurki dezakegun ez dakigula», zioten kataluniarrek. Horregatik, agian, ibilbidea denbora zehatz batean amaitzeko helbururik ez du hirukoteak: «Berdin zaigu igande arratsaldean 17:45ean heltzen bagara ere, paraje ikusgarriak daudela badakigu, eta horietaz gozatuko dugu lasai-lasai».
Xabier Iurrebaso beasaindarrak, ordea, Goierriko Bi Haundiak ibilbideko gora-behera guztiak ezagutzen ditu, eta hori «abantaila» dela uste du. «Indarrak noiz gorde jakingo dugu, eta unerik gogorrenak noiz helduko diren ere bai», zioen atzo Iurrebasok.
Aimar Lizarazu idiazabaldarrak ere ederki ezagutzen du ibilbide luzea, baina boluntario gisa aritzea beste erremediorik ez du izango, erorikoa izan eta ezin izango baitu proban parte hartu. «Amorratuta nago, eta inbidia pasatzea tokatuko zaidala seguru nago». Datorren urtean izango du berriro aukera idiazabaldarrak, antolatzaileen arabera 2011ko uztailean proba egingo baita bigarren aldiz.
Beasaindik Goierrira eragina
Beasain izango da bihar arte Ehunmilak eta G2H proben erdigunea, baina Euskal Herriko lehen ultratrailak eskualde guztian izango du eragina. Bi lasterketak igaroko diren herrietan nabarituko da batez ere girorik handiena, ikusle asko gerturatuko baita korrikalariak ikustera eta animatzera.
Baina, zalantzarik gabe, turismoan eta zerbitzuen alorrean nabarituko da gehien Ehunmilaken zurrunbiloa. Izan ere, eskualdeko hotel eta ostatu gehienak beteta daudela zehaztu du Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak: «Uste genuen jende gehiago autokarabanetan eta furgonetetan etorriko zela, baina ez da hala izan. Korrikalari asko senitartekoekin eta lagunekin etorri dira, eta gehienek hoteletan hartu dute ostatu».
Oporrak igarotzeko ere beste leku bat deskubritu dute askok Osinalderen arabera, «eskualdean eta Gipuzkoan ditugun mendietan zer egin daitekeen eta zer aukera dauden erakusten baitu Ehunmilakek». Aurrerantzean ere mendiarekin lotutako turismoak gora egingo du Gipuzkoan Goiturreko zuzendariaren arabera, «entrenatzera etorri den jende askok ere aurreko hilabeteetan hemen zer eskaintza dagoen ikusi duelako».
Helmugan lehenak, gaur
Bihar arratsaldean itxiko dute azken kontrola, 18:00etan, gehienez ere 48 ordu baitituzte parte-hartzaileek ehun miliak egiteko. Hala ere, ibilbide luzeko lehen korrikalariak gaur iritsiko dira helmugara, 16:00etatik 18:00etara bitartean. Goierriko Bi Haundiak egingo duten lehen korrikalariak helmugaratuta izango dira ordurako; gehienez 22 ordu dituzte 87 kilometroak egiteko.
Sari banaketa bihar 18:00etan da, Beasaingo Loinazko San Martin plazan. Lehen gizonezkoak eta emakumezkoak 1.000na euro, garaikurra eta txapela jasoko dituzte. Korrikalari guztiek izango dute oparia.