GOIERRIKO HITZA. Uztailaren 12, 13 eta 14ean izango dira aurten Ehunmiliak eta G2H lasterketak, Beasainen hasita. Izen-ematea azaroaren 15etik dago irekita eta orduz geroztik bi probetarako 500 lagunek baino gehiagok eman du izena.
Mikel Valdivielso antolatzaileak azaldu duenez «ekainaren 2an Leitzan 60 kilometroko beste proba bat dago eta jende askok bere burua proban jarriko du hor, eta hor nola ibiltzen direnaren arabera ere askok emango dute izena»; ekainaren 11n amaituko da partehartzaileentzat izen emateko epea.
«Estatu mailan jada horrelako frogen buruan» egotea lortu dute Ehunmiliakekoek eta «Europa mailan Montblanc eta antzerako frogen pare egotea» gustatuko balitzaieke ere, beraien nahia «orain arteko mailari eustea eta kalitate honekin jarraitzea» da.
Laguntzaile pribatuen, udalen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euso Jaurlaritzaren dirulaguntzak murriztu bazaizkie ere, «beste bide batzuetatik» dirua lortzen ari dira etengabe antolatzaileak: txosnak, errifak… Horrelako lasterketak antolatzeak 130.000 euroko aurrekontua eskatzen duela esan du Valdibielsok.
Boluntarioen beharra
Ehunmiliak bezalako frogetan, dirua adina behar izaten den laguntza boluntarioena da. 1.000 lagundik gora behar izaten dituzte zehazki bi probak antolatzeko eta gauzatzea posible izateko. «1.300 boluntario inguru izatera ere iritsita gaude», dio Valdivielsok.
Goierrikoen antzeko frogak egiten direnean, boluntarioen lana azpimarratu ohi da, eta Valdivielsok ere jendearen laguntzeko prestutasun hori « oso pozgarria» dela dio; «gure potentzial handienetakoa da».
Boluntario izan nahi dutenek ehunmilak.com orrialdeko Boluntario atalean sartu eta bertan ohiko datuez gain, kamisetaren neurria bete behar dute, aurten ere, boluntarioei kamiseta bana oparituko baitiete antolatzaileek.
Boluntarioek izen-emateko duten orrian, oharrak idazteko tartea ere badute. Valdivielsok azaldu duenez «bertan zehaztu daiteke, adibidez, batek ostiralean esku bat bota badezake, baina larunbatean eta igandean ez, noiz datorkion hobeto eta abar».