Web
Analytics
Euskararen Donostia binakako lehen lasterketa aurkeztu dute - Lasterketak.eus Euskararen Donostia binakako lehen lasterketa aurkeztu dute - Lasterketak.eus

Euskararen Donostia binakako lehen lasterketa aurkeztu dute

IRUTXULOKO HITZA. Donostiako AEK-k lehenengo Euskararen Donostia, binakako lasterketa antolatu du, Korrika 18ren egitarau kulturalaren barruan. Otsailaren 24an izango da lasterketa.

Nerea Txapartegi, kultura ordezkaria eta Xabier Garmendia, Donostiako AEK-ko arduraduna izan dire ekimenaren aurkezpenean.

Lasterketa berezia izango da, korrikalariek binaka egingo baitute lasterka. Gisa honetako lasterketa apurrak mistoak izan ohi dira, alegia, neska-mutilez osatutako bikoteak. Euskararen Donostia lasterketan, ordea, mutil-mutil, neska-neska eta neska-mutil aukerak egongo dira; eta era berean, hiru sailkapen lasterketa berean.

Beraz, bikoteak osatzeko hainbat eta hainbat egongo dira: aita-semeak, ama-alabak, anaiak, ahizpak, lagunak…konbinazioak mila izan daitezke.
Bestalde, Euskararen Donostia lasterketa berezia izango da, baita ere, izango duen eduki kulturalagatik. Izan ere, Donostiako euskararekin lotura duten toki esanguratsuetatik pasako da lasterketa. Hala nola, Loretope, Herri Irratia, Kaputxinoak, Mikel Laboren jaiotxea, Orixe ikastola…

Nerea Txapartegiren esanetan, “etengabe esaten ari gara euskaldunon erronka gure hizkuntzan aritzea dela; erabilera dela gakoa, gure hizkuntzak etorkizun luzea eta oparoa izan dezan, eta horretarako bizitzako alor guztietan aritu beharra daukagu euskaraz; baita kirola egiten dugunean ere”.

Lasterketaren datuak
Euskararen Donostia lasterketa otsailaren 24an izango da, 11:00etan. Irteera eta helmuga Bulebarrean izango dira, Udaletxe parean. 6,250 kilometroko luzera izango du ibilbideak, eta 300 bikotek hartu ahal izango dute parte.

Izena ematearen prezioa, 20,60 euro izango da bikoteko, aurrez izena ematen bada eta 30 euro bikoteko, egunean bertan.

Martxoaren 23an iritsiko da Korrika Donostiara, Eman euskara elkarri lelopean. Nerea Txapartegiren hitzetan, “Korrika etortzen denerako entrenatuta egoteko aukera paregabea ematen digu binakako lasterketa honek, beraz kirolzale guztiak, euskaldunak eta euskaraz trebatzen ari direneak hitzordua duzue otsailaren 24an euskararekin eta kirolarekin”.

Artxibo
Event Search