Plazaolako natur bidean ohikoa den baino jende gehiago izango da igande honetan. Natur bideen Europako Egunarekin bat eginik, VIII. Mendi Bizikleta Martxa eta V. Maratoi Erdia antolatu ditu Plazaola Partzuergoak egun horretarako. Nerea Aldaz Partzuergoko kudeatzaileak azaldu duenez, proba horien helburua «natur bideen aldarrikapena, kirola egitea eta naturaz gozatzea» da.
Lasterketari dagokionez, 09:30ean hasiko dute ibilbidea korrikalariek Urtotik, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugatik. 21 kilometro egingo dituzte Lekunberriraino. Izena emateko epea gaur bukatzen da eta eguerdira arte 145 lagunek eman dute izena. Autobus bat izango dute 08:00etan Lekunberritik Urtoraino eramateko.
Bizikletan aritu nahi dutenek hiru aukera dituzte. Luzeena, 40 kilometrokoa, Andoaindik Lekunberrira izango da. 10:00etan hasiko da proba eta 09:00etarako abiatuko dira Lekunberritik autobusa txirrindulariak eramateko eta kamioia bizikletak garraiatzeko. Festa amaitzerakoan, 14:00ak aldera, behar dutenentzat autobusa eta kamioia abiatuko dira Lekunberritik Andoainera.
Bizikleta martxa ertaina, 15 kilometrokoa, Leitzatik Lekunberrira izango da, eta 11:30ean hasiko da. Probarik motzena, lau kilometrokoa, Lekunberrin hasi, Mugirora joan, eta berriro Lekunberrira itzuliko da. 12:30ean abiatuko da martxa eta bereziki haurrei zuzendutakoa da.
Txirrindulariek aurrez izena emateko aukera dago gaur arte, eta 110 lagunek egin dute hori dagoeneko. Egunean bertan ere aukera izango da horretarako. 15 euro ordaindu beharko dituzte martxa luzea bada, 9 euro ertainerako eta 3 euro motza eginez gero. Izen-emateak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: asegurua, garraioak, anoa guneak, luntxa eta zozketak.
Uitziko tunela
Iaz ezin izan zituzten ez lasterketa proba egin ez mendi bizikletako martxak, Uitziko tunelean egiten ari ziren lanak ez zituztelako bukatu. Behin tuneleko obrak amaituta, ibilbideko luzeena 2,7 kilometrorekin, bertatik igaro ahal dira parte-hartzaileak, orain guztiz argiztatuta baitago. Beste hainbat tunel daude ibilbidean, eta iganderako horietako bat ere, Leitza inguruan, argiztatuko dute.
Nerea Aldazek azaldu duenez, Uitziko tunela uneoro argiarekin dagoenetik, «jende gehiago interesatu da Plazaolako natur bideaz, eta gero eta erabiltzaile gehiago daude».
Iturria: http://leitzaldea.hitza.info