Web
Analytics
Marokoarrak izan dira nagusi Hiru Hondartzetako Krossean - Lasterketak.eus Marokoarrak izan dira nagusi Hiru Hondartzetako Krossean - Lasterketak.eus

Marokoarrak izan dira nagusi Hiru Hondartzetako Krossean

IRUTXULOKO HITZA. Giro bikainean egin dute goizean Hiru Hondartzetako Krossa, bai eguraldi aldetik eta baita bildutako jendetzari dagokionez ere. Hain zuzen ere, ia hiru mila korrikalarik hartu dute parte 10 kilometroko lasterketan. Horietatik azkarrena Samir Ait Bouychamane marokoarra izan da, 30 minutu eta 33 segundoko denborarekin. Bigarren postuan beste marokoar bat sailkatu da, Hassan Oubaddi, denbora berdinarekin, oso estu hartu baitu irabazlea. Hirugarren postua, podiuma osatzen, donostiar bat iritsi da: Imanol Cruz, 31 minutu eta 17 segundorekin.

Emakumeei dagokienez, marokoarrak izan dira nagusi maila honetan ere. Majida Maayouf izan da garailea, 35 minutu eta 52 segundoko denborarekin. Bigarren bere herrikide Zhor Belyazid iritsi da, 38 minutu eta 7 segundorekin. Hirugarren postua Terueletik etorritako Elena Silvestrerentzat izan da, 38 minutu eta 31 segundorekin. Lehen donostiarra Jone Amagoia Eizagirre izan da, bederatzigarren postuan sailkatu ostean, 40 minutu eta 36 segundorekin.

Ez hotzik, ezta berorik ere, eta ia haizerik gabe. Baldintza horietan jokatu dute Hiru Hondartzetako Krosa. Egokienen artean egokienak. Dortsal beltza, gorria eta berdea jarri dituzte korrikalarien eskura, norbera bere marka pertsonalaren arabera irteeran kokatzeko parada izateko. Banaketa horrek pare bat minutu atzeratu du irteera, baina, bestela, ederki antolatu du proba Antiguako Jakintza atletismo taldeak.

Ondarretan eman zaio irteera lasterketari, eta Kontxako pasealekutik eta Bulebarretik igaro eta gero, Zurriolan barrena sartu dira korrikalariak, Sagues arte. Bertan itzulerako bidea hartu dute, Kursaaleko Kuboen atzealdean ura edateko aukera izan eta gero. Pasealeku Berritik eta Parte Zaharretik igaro dira ondoren, Abuztuak 31 eta Kale Nagusia kaleetatik. Alderdi Eder atzean utzita, Kontxako pasealekutik eta Antiguako tuneletk igaro dira berriro, Ondarretako helmugaraino iristeko. 10 kilometro guztira.

http://irutxulo.hitza.info/2013/10/13/marokoarrak-izan-dira-nagusi-hiru-hondartzetako-krossean/

Artxibo
Event Search