Web
Analytics
Olabarria eta Vázquez Amurrioko mendi-lasterketan garaile - Lasterketak.eus Olabarria eta Vázquez Amurrioko mendi-lasterketan garaile - Lasterketak.eus

Olabarria eta Vázquez Amurrioko mendi-lasterketan garaile

Javi Olabarria orozkoarra eta Montserrat Vázquez bilbotarra nagusitu ziren Amurrio Trail Lasterketaren 1. edizioan, Jesús Martín eta Elena Calvilloren aurretik. Mikel Idirin arrankudiagarra eta Jon Lozano amurriarra 3. eta 5. postuan sailkatu ziren, hurrenez hurren.

Amurriotik Tologorri mendirainoko ibilbideak ez zuen ustekaberako tarterik utzi eta atzokoan Javi Olabarria eta Montse Vázquez izan ziren lehenak Amurrioko mendi-lasterketaren palmaresa zabaltzen. Orozkoko korrikalariak hasieratik ezarri zuen bere legea eta 2 ordu eta 12 minutuan bete zituen lasterketaren 29 kilometroak. Emakumezkoen kategorian, berriz, Montse Vázquez sestaoarrak duela astebete Kosta Trailen erakutsitako nagusitasuna berretsi zuen eta 2 ordu eta 44 minutuko denborarekin zeharkatu zuen Amurrioko helmuga. Gizonezkoetan, Olabarriak Jesús Martin eta Mikel Idirin izan zituen podiumean lagun, eta emakumezkoetan Elena Calvillok eta Nerea Amilibia osatu zuen hirukoa. Jon Lozano Amurrio Trail Taldeko korrikalaria bosgarren izan zen.

Lasterketariek Amurriotik Tologorri mendira igo zuten, Babiotik pasatuz eta Agiñigatik Menerdigako atakara igoz; esan bezala, lasterketa buruan gauzak hasieratik argi geratu ziren eta lehenengo sailkatuak Tologorriko tontorretik helmugara heldu ziren hurrenkera berean pasatu ziren. Jaitsiera Senda Negra izeneko bidetik egin zuten, ondoren Burubio menditik pasatuz, eta bertan Olabarriak tartea handitzea lortu zuen jaitsiera ikaragarria eginez. Zortzi minutu luze atera zizkion helmugan bigarren sailkatuari. Emakumezkoen kategoria ostera gauzak estuago egon ziren, eta Montse Vázquez 20 segundoko abantailarekin heldu zen Amurriora. Lasterketaren sailkapena Euskaltrail web gunean dago ikusgai.

Eguraldia ere lagun izan zuten parte-hartzaileek, eta Gorobel gainean laino apur bat zegoen arren, gainerakoan eguraldi ona egin zuen eta oso tenperatuta atsegina arineketan egiteko. Antolatzaileek balorazio ona egin dute. Gaizka Barañano Amurrio Trail Taldeko kideak adierazi digunez, “balorazio orokorra oso positiboa da eta uste baino hebeto joan da, parte-hartzaileen zein lasterketaren emaitzaren aldetik”. Lasterketariak oso pozik geratu dira ibilbidearekin eta antolakuntzarekin. Hori dela eta, Amurrio Trail Taldeak bere eskerrona adierazi gura izan die babesleei eta boluntarioei, eta dei egin die “datorren urtean ere euren laguntza izateko”.

Goizean Amurrion jokatutako proba ez zen atzo Aiaraldean izan zen lasterketa bakarra, dena den. Arratsaldez, eta Laudioko San Joan Astobitzako jaien barruan, VII. herri krossa jokatu zen. Larrabazaleko bide eta basabideetatik zioan 9 kilometroko zirkuitoan Josu Apraiz laudioarra izan zen nagusi.

Iturria: http://www.aiaraldea.com – Xabi Zalbide

Artxibo
Event Search