Web
Analytics
Orain dela urte batzuk desagertu zen Deba-Mutriku lasterketa berreskuratu nahi dugu aurten - Lasterketak.eus Orain dela urte batzuk desagertu zen Deba-Mutriku lasterketa berreskuratu nahi dugu aurten - Lasterketak.eus

Orain dela urte batzuk desagertu zen Deba-Mutriku lasterketa berreskuratu nahi dugu aurten

NOTICIASDEGIPUZKOA.COM. Mutrikun sortu berri duten Talaixa triatloi taldea aurkeztuko dute bihar arratsaldean Luardo Etxean. Hori dela eta, NOTICIAS DE GIPUZKOA klubaren lehenengo presidentea izango den Beñat Zafra 32 urteko mutrikuarrarekin elkartu zen atzo, taldearen nondik norakoak ezagutzeko.

Triatloia ezagutzera emateko Talaixa taldea eratu berri dute Mutrikun. Bertan, atletismoa, txirrindularitza edo igeriketa gustuko duten herriko haur, gazte eta heldu guztientzako lekua izango da. Beñat Zafra klubeko presidenteak herriko kirolzale guztiak gonbidatu nahi ditu bihar (19.00etan) Luardo Etxean egingo den aurkezpen ekitaldira gerturatzeko.

Nola bururatu zitzaizuen Mutrikun triatloi talde bat sortzeko ideia?

Mutrikun bagaude hainbat herritar triatloia praktikatzen dugunok. Hala ere, orain arte Eibar, Ondarroa eta inguruko herrietako klubetan sakabanatuta ibili gara. Horregatik, ikusi genuen bazegoela Mutrikun talde bat sortzeko aukera. Gainera, gurea kostako herri polita izanda ba… triatloia praktikatzeko aukera paregabea dugu hemendik irten gabe.

Zenbat lagun inplikatu dira Talaixa taldearen barruan aritzera?

Taldeko estatutuak prestatzeko hamabost bat herritar elkartu ginen, gutxi gora behera erdia mutilak eta erdia neskak. Hala ere, taldeko ateak guztiz irekita daude triatloia ezagutu nahi duten adin guztietako herritarrentzat.

Zeintzuk izango dira Talaixa taldearen helbururik nabarmenenak?

Lehenik eta behin triatloia ezagu-tzera eman nahi dugu herritarren artean. Bestalde, kirol probak antolatu nahi ditugu, beti ere, triatloia osatzen duten hiru modalitate desberdinetan.

Kirol probaren bat duzue buruan hasi berri den urte honetarako?

Bai, gure artean hitz egin dugu eta aurten orain dela urte batzuk desagertu zen Deba-Mutriku herri lasterketa berreskuratzea gustatuko litzaiguke.

Joan den urtean herri mailako triatloi popularra egin zen Mutrikun. Horri jarraipena emateko asmoa duzue Talaixa taldetik?

"Iazko triatloi popularra errepikatzeaz aparte, federatuta dauden zaletuentzako proba antolatu nahi dugu"

Bai, bai. Taldea eratu aurretik antolatu genuen herri mailako triatloi popularrak izugarrizko arrakasta izan zuen eta aurten ere errepika-tzeko asmoa dugu. Iazko proban 180 bat lagunek hartu zuten parte eta dena primeran irten zenez aurten ere egingo da. Honen inguruan esan behar dut herriko hainbat merkatarien laguntza izan genuela proba antolatzeko eta oso eskertuta gaude. Triatloi popularra irailean egingo da berriro. Gainera, egun berean federatuta dauden Mutrikuko eta inguruko herrietako zaletuei zuzendutako bigarren triatloi bat antolatu nahi dugu, sprint modalitatean.

Triatloi taldea bihar aurkeztuko duzue Luardo Etxean. Zer nolako azalpenak emango dituzue bertan?

Biharkoa, herrian eratu dugun taldea ezagutzera emateko ekitaldia izango da. Era berean, triatloia ezagutu edo praktikatu nahi duten herritar guztientzako baliagarriak izango diren hainbat azalpen emango ditugu. Izan ere, Talaixatik triatloian federatzeko tramiteak egingo ditugu, kirol hau praktikatzeko beharrezkoa den materiala eskuratzeko bitartekari lanak egingo ditugu… Herriko kirolzale guztiak animatu nahi ditut ostegun honetan (19.00etan) egingo dugun aurkezpen ekitaldira gerturatzeko.

Zer esango zenieke atletismoa, txirrindularitza edo igeriketa gustuko dutenei baina lasterketetan ari-tzeko gogorik ez duten zaletuei?

Oso inportantea dela federatuta egotea. Argi dago jende askori ez zaiola lasterketetan parte hartzea gustatzen eta hori guztiz ulertzekoa da. Hala ere, asko dira korrika egitera edo bizikletan ibiltzera errepidera edo bide desberdinetara joaten direnak inolako babesik izan gabe. Guzti horiei federatzeko gomendatuko nieke; federatzen badira babes bat, seguru bat dutelako. Federatzeak 70 bat euroko kostea du urte osorako eta txartel hori egiteak ez du inolako lasterketetan parte har-tzera behartzen.

Nola kontaktatu daiteke Talaixa taldearekin?

Momentuz [email protected] helbide elektronikoa egokitu dugu gurekin harremanetan jartzeko gogoa duten guztientzako.

Ba al duzue lokalen bat taldeko kideak elkartzeko?

Momentuz ez, oraindik taldea eratzeko lanetan gaudelako. Hori bai, taldea martxan jarri ondoren lokal bat topatzeko aukera desberdinak aztertuko ditugu. Izan ere, triatloia praktikatzeko beharrezkoa den materiala gordetzeko eta gure arteko bilerak egiteko lokala izatea oso inportantea da.

Patrozinatzaileren bat topatu duzue Talaixa taldeari laguntzeko?

Egia esan oraindik ez dugu ezer lotu baina dagoeneko bagaude enpresa batzurekin harremanetan. Gustatuko litzaiguke herriko enpresaren batek gure aldeko apustua egitea.

Las claves

· Gipuzkoako txokorik maiteena. Itsasoa asko gustatzen zaidanez, Gipuzkoako kostalde osoa esango dut, orokorrean.
· Paisaia bat. Mutrikuko Talaixatik dauden itsasoko bistak zoragarriak dira.
· Festa edo ospakizun bat. Mutrikuko Kalbaixoak izugarri gustatzen zaizkit. Oso festa herrikoia da eta ahal dudan guztietan lagunekin disfrutatzen saiatzen naiz.
· Mendi bat. Aizkorri. Ez naiz askotan joan eremu horretara baina ez dut inoiz ahaztuko mendi hori igo nueneko lehen aldia.
· Hondartza bat. Mutrikuko Saturraranekoa, zalantzarik gabe. Nire andrea bertakoa da eta normalean hondartza horretara joaten gara uda partean.