Ruben Lanz legazpiarrak eta Izaro Rubio ordiziarrak irabazi dute Beasaingo II. Herri Lasterketa. Bealak taldeak antolatutako proban 234 lagunek parte hartu zuten atzo, eta euripean bada ere, ibilbide polita izan zen eta giro onean egin zuten proba. Podiumean, goierritarrak izan dira nagusi, bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan ere.
Gizonezkoei dagokionean, Ruben Lanz legazpiarrak aurreneko metroetatik ihesean egin zuen lasterketa osoa. Pixkanaka aldea ateratzen joan zen atzean zuen taldetxoari, eta tarte hori handitzea lortu zuen probak aurrera egin ahala. Bukaeran, 3.12ko aldea atera zion bigarren sartu zen Manu Hurtado beasaindarrari. Podiuma beste goierritar batek, Angel Vazquez lazkaotarrak osatu zuen.
Emakumezkoetan, Elena Calvillo beasaindarra gogor hasi zen, eta aurreneko itzulian bera zen aurretik. Bigarrenean ordea, Izaro Rubio ordiziarrak aurrea hartu zion, eta bukaeran, minutu erditik gorako tartea atera zion. Podiuma Olatz Gabilondo azkoitiarrak osatu zuen.
Sailkapen osoa, Bealak taldearen webgunean eta lasterketak.com atarian dago ikusgai.
Iturria: http://beasain.hitza.info