HITZA. Hilaren 21era aurreratu dute aurten EAT Errenteriako Atletismo Taldeak antolatzen duen San Markorako Igoera. Horren arrazoia, asteburu berean Sagardo Egunarekin ez kointziditzea izango da. Aurtengo berritasun nagusia, txipak izango dira. Korrikalari bakoitzak bere txipa eramango du, eta helmugan denbora zehatza markatuko dio. Era berean, helmugan bertan kamerak jarriko dituzte denbora tarte guztiak neurtzeko. Gero bideo guztiak EATen webgunean bertan jarriko dituzte.
Era berean, arropa eramateko zerbitzua jarriko dute: 10:15ean aterako da furgoneta bat Herriko Plazatik San Markora, gero jantziak San Markon bertan hartu ahal izateko.
Lasterketak, bestela, ohiko ibilbidea eta ordutegia izango du. 10:30ean aterako da Herriko Plazatik, eta 5,5 kilometro izango ditu zementu-pista eta asfalto gainean.
Izena dagoeneko eman daiteke www.atleticorenteria.com webgunean. Lasterketa aurretik nahiz egunean bertan egin ahal izango da, 10 euroan (egunean bertan ere prezio bera izango du). Probaren egunean 09:00etatik 10:00etara arte egiteko aukera izango da.
Betiko mailek parte hartu ahal izango dute: gazteak (1995-1993), emakume seniorrak (1992-79), gizon seniorrak (1992-74), emakume beteranoak (1978etik aurrera) eta gizon beteranoak (1973tik aurrera).
Sariei dagokionez, maila guztietako lehen hiruek garaikurra jasoko dute, eta baita EATeko gizon eta emakume korrikalariek ere. Irabazleei, gainera, San Marko opila emango diete. Helmugara heltzean, bestalde, edariak izango dira partaide guztientzat.