Web
Analytics
San Silbestre lasterketako parte-hartzaileen muga 700 atletetan jarri dute Errenteria - Oreretan - Lasterketak.eus San Silbestre lasterketako parte-hartzaileen muga 700 atletetan jarri dute Errenteria - Oreretan - Lasterketak.eus

San Silbestre lasterketako parte-hartzaileen muga 700 atletetan jarri dute Errenteria – Oreretan

Lasterketan izena emateko aukera zabaldu dute, eta hilaren 30era arte egongo da hori egiteko aukera

Urteko azken egunean San Silbestre lasterketa egingo dute Errenteria-Oreretako kaleetan. Errenteria Atletismo Taldeak (EAT) jakinarazi du bertan parte hartzeko izena emateko aukera zabalik dagoela, hilaren 30era arte. Lasterketa 700 korrikalarira mugatu dute eta kirolariek hamar euro ordaindu behar dituzte parte hartzeko. Txikientzako doan da inskripzioa.

Izena www.atleticorenteria.com eta www.herrikrossa.com webguneetan eman daiteke. Herrian bertan, Susperregi kirol dendan eta Pelukasen kioskoan ere izena emateko aukera dago eta Donostian, berriz, Laister dendan. Antolatzaileek nabarmendu dute lasterketaren egunean bertan ezin dela izena eman.

Mailatan banatuta
Lasterketa lau mailatan banatu dute. Gaztetxoak, esaterako, benjaminetan, alebinetan, haurretan eta kadeteetan banatu dituzte. Horiek guztiek kilometro bateko ibilbidea egingo dute.

Benjaminek eta alebinek ibilaldi neurtua egingo dute. Haurrek eta kadeteek, berriz, ibilaldi librea egingo dute. Benjaminen proba 16:30ean hasiko da eta alebinena, 16:40ean. Haurrak eta kadeteak, berriz, 16:50ean irtengo dira.

Beste hiru mailak Junior, Senior eta Beteranoen mailak dira. Korrikalari horiek helduen proban parte hartuko dute: zirkuituari hiru bira eman beharko dizkiote. Guztira, zazpi kilometro baino gehiago egin beharko dituzte 17:00etatik aurrera.

Txip bidez kontrolatuta
Lasterketaren kontrola txiparen bitartez egingo da. Egunean bertan, Galtzarabordako kiroldegian (10:00etatik 12:00etara) edo udaletxeko arkupeetan (15:30etik 16:45era) eskuratu ahalko dira. Lasterketa bukatzerakoan, txipa entregatu behar dute parte-hartzaileek.

Bestalde, udaletxeko arkupeetan motxilak eta arropa uzteko aukera edukiko dute korrikalariek, 15:30etik aurrera. Gainera, lasterketaren ondoren aldatzeko eta dutxatzeko aukera edukiko dute korriklariek. Errenteria Atletismo Taldearen lokalean egongo dira dutxa horiek, 16:30etatik 18:30etara. Nafarroa etorbideko 11-13 zenbakietan dute egoitza EATkoek.

Sariak maila guztietan
Antolatzaileek jakinarazi dute parte-hartzaile guztiek lasterketaren oroigarria jasoko dutela. Hala, helmugara iristerakoan, Korrikalariaren poltsa izeneko saria jasoko dute dortsala eta txipa itzultzerakoan: galtzerdi teknikoak; jaki energetikoa eta giharrak berotzeko gela izango dituzte korrikalariek poltsa horretan. Horrez gain, maila bakoitzean lehenengo sailkatzen direnentzako sariak egongo dira.

Iturria: Irutxuloko Hitza

Artxibo
Event Search