HITZA. Udaberriko XI. Lasterketa egongo da jokoan datorren igandean, martxoak 17, 10:00etan. Donostiarrak Atletismo Taldeak antolatzen du lehia urtero, Euskal Herriko Unibertsitateko Ibaetako campusaren laguntzari esker, eta aurten ere ez du hutsik egingo.
Ibilbideak 10 kilometro izango ditu; Ibaetatik irtengo da, eta hiriko hiru hondartzen paretik igaro ostean, hasitako leku berean bukatuko da. Izen emateko epea zabalik dago, Kirolprobak webgunean. Aurten, gainera, korrikalari gehiagori eman diote parte hartzeko aukera, eta 1.700 lagunetara zabaldu dute gehienezko partaidetza.
Dortsal bereziak ere dagoeneko banatu dituzte, 1 zenbakidunak eta 0 zenbakiduna. La oreja de Van Gogh Donostiako musika taldeak eta Leire Olaberria Ikaztegietako txirrindulariak jaso dituzte 1 zenbakidun dortsalak. Hala, lasterketan parte hartzera gonbidatu ditu Donostiarrak klubak. Bestetik, 0 zenbakidun dortsala, elkartasun ekimen bati banatzen diotena, Centro Castro izeneko hezkuntza bereziko guneari eman diote. Argelian du egoitza Centro Castrok, eta garraioa hobetzeko laguntza ekonomikoa jaso du, lasterketari esker. Izan ere, arazoak izaten dituzte bertara joateko urritasun fisikoak dituzten haur eta gazteek.