Web
Analytics
Usurbilgo merkatariek lehenengo San Silbestre lasterketa antolatu dute - Lasterketak.eus Usurbilgo merkatariek lehenengo San Silbestre lasterketa antolatu dute - Lasterketak.eus

Usurbilgo merkatariek lehenengo San Silbestre lasterketa antolatu dute

Izena emateko epea zabalik dago jadanik eta doan da

Kaxkoan egindako ibilbide batean lau kilometro bete beharko dituzte jai giroan herriko gazte eta helduek

Hurbilago merkatari elkarteak eta Usurbilgo Udalak sinatutako hitzarmenaren baitan, aurten lehenengo San Silbestre lasterketa prestatu dute. Honela, herriak 2010 urtea kirola eginez agurtzeko aukera izango du.

Lasterketa abenduaren 31an 17.00etan izango da, eta lehiakortasunaren ordez, jai giroa sustatu nahi dute. Partaideen artean ez da dortsalik banatuko eta amaieran sariak zozkatuko dira lasterkari guztien artean. Gazte eta helduek parte hartzeko moduko kirol ekimena izango dela baieztatu dute.

Kaxkoa alderik alde zeharkatuko du herri lasterketak, eta bi kilometroko zirkuitu bati bi buelta eman beharko dizkiote. Beraz, guztira lau kilometroko luzera izango du Mikel Laboa plazan hasi eta bukatuko den ibilbideak.

Ekitaldirako izen ematea zabalik dago jada. Inskribatzeko bi modu daude, biak ere doan; Hurbilago elkarteko establezimenduetan eta Internet bidez (usurbil.net eta www.noaua.com).

Gainera, antolatzaileek jakinarazi dutenez, “abenduaren 15a baino lehen izena ematen duenak lasterketa egunean ez du jantzi beharreko kamisetaz arduratu beharrik izango. Partaide bakoitzak Hurbilago elkarteko kamiseta opari gisa jasoko du, Hurbilagoko edozein establezimendutara joanda”.

Iturria: www.noticiasdegipuzkoa.com

Artxibo
Event Search