Martxoaren 1a hauteskunde eguna denez, egun bat aurreratu dute proba eta otsailaren 28an izango da, 17:00etan
Korrikalariek Zumaiako Herri Krossean izena emateko aukera badute dagoeneko. Epea zabaldu dute, eta gaurtik aurrera, Zumaiatik
kanpo beste zenbait herritan izena emateko aukera ere izango da. Aurten 25 urte beteko dituen proban, aldaketa gutxi izango direla
jakinarazi du Udaleko kirol teknikari Fran Aizpuruak. Hala ere, garrantzitsuena egun aldaketa da. Lasterketa hau martxoaren aurreneko
igandean egin ohi den arren, aurten egun bat aurreratu eta otsailaren 28an izango da, 17:00etatik aurrera. Izan ere, martxoaren
1ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak deitu dituzte, eta horren eraginez aldatu dute probaren eguna. Helduak 17:00etan abiatuko dira eta haurrak, berriz, ordubete lehenago.
Oraindik ikusteko dago egun eta ordu aldaketa horrek parte-hartzaile kopuruan eraginik izango duen ala ez, baina Aizpuruak uste
du azken urteetako goranzko joerari eutsiko diotela aurten ere.
Hala, iaz 550 korrikalari izan zirela kontuan hartuta, aurten «badaezpada ere» 650 txip eskatu dituzte.
Ibilbideari dagokionez, 10.200 metroko tartean aldaketa handirik ez da egongo. Saihesbidea egin izanak inguru horretan aldaketa txikiren bat ekarriko du berarekin, baina «ez da esanguratsua izango ». Betiko aldapa, Itzurungoa, mantendu egingo dute «korrikalariek
oso gustukoa baitute».
Markak bertan jarraitzen du
Eskualdeko batek du proba honetako markarik onena: Kamel Ziani oriotarrak, hain zuzen ere. 10,2 kilometroko ibilbidea 30 minutu eta
29 segundoan egin zuen eta mementoz inork ez du lortu haren marka hobetzerik.
›› IZENA EMATEKO
- Zumaian. Lubaki kiroldegian.
- Zarautzen. NereSport kirol dendan.
- Azpeitian. Aradi kirol dendan.
- Donostian. Laister kirol dendan.
- Internet bidez: www.herrikrossa.com eta www.zumaia.net webguneetan.
Prezioak
- Aurrez.9 euro.
- Egunean bertan.12 euro.
Iturria: Urolako Hitza