Web
Analytics
25.500 lagunek eman dute izena Behobia-Donostian - Lasterketak.eus 25.500 lagunek eman dute izena Behobia-Donostian - Lasterketak.eus

25.500 lagunek eman dute izena Behobia-Donostian

IRUTXULOKO HITZA. Behobia-Donostia lasterketa ezaguna datorren igandean egongo da jokoan. Aurtengoa ere ez da nolanahiko lasterketa izango, 25.500 korrikalarik eman baitute izena. Alderdi teknikoen berri zehatzak emateko, prentsaurrekoa eman zuten Fortuna Kirol Elkarteko antolakuntzako hiru kidek, atzo goizean. Arantza Rojok Behobia Txikiaren inguruan hitz egin zuen, Fernando Ibarretak korrikalariaren azokaz, eta Iñigo Etxeberriak Behobia-Donostia klasikoaz. Guztietan ere berrikuntzak daude, eta horien berri jasotzeko aukera egon zen. « Inoiz baino lasterketa herrikoiagoa izango da, eta edozein emakumek lor dezake podiumera igotzea», azpimarratu zuen Ibarretak.

 

Erritu bihurtu den ohitura, horixe izango da aurtengo lasterketaren leloa, eta aipatu bezala, berrikuntza bat baino gehiago izango ditu; Behobia Txikia Anoetako estadio txikian jokatuko dute larunbatean, korrikalariaren azoka belodromoan izango da, Behobia Txikiko azken maila bakarrik sarituko dute… eta aldaketa nabarmenena, lehen korrikalariak 11:00etan abiatu beharrean, 10:30ean hasiko dira korrika. Hala, korrikalarien pilaketak ekidin nahi dituzte.

Guztira 25.500 lagunek eman dute izena lasterketa nagusirako, iaz baino 2.000 gehiagok. Hala ere, iaz helmugara 19.700 iritsi ziren moduan, aurten 20.000 baino gehiago iristea espero dute. Gainontzean, partaideei dagokienean, %17’8 emakumeak direla azpimarratu zuen Iñigo Etxeberriak. Gainera, emakumeen igoeraz gain, urrutitik geroz eta partaide gehiagok parte hartzen dutela azpimarratu zuen. «Kataluniatik 4.000 korrikalari etorriko dira, iaz 3.000 izan ziren, eta duela lau urte 600». Horregatik, Kataluniako korrikalariei omenaldia eskainiko diete asteburuan. Larunbatean 120 lagun etorriko dira hirira, Castellerak, eta Castell erraldoi bat osatuko dute Konstituzio plazan bertan, 17:30ean.

“Inoiz baino lasterketa herrikoiagoa izango da eta edozein emakumek lor dezake podiumera igotzea”, dio Fernando Ibarretak

 

Irteera ordua ohikoa baino ordu erdi lehenago izango da, 10:30ean

 

Irteera ordua aurreratzearenak, badu bere arrazoia. Izan ere, ibilbideko zenbait gunetan sortzen diren korrikalari pilaketak ekidin nahi dituzte. Horretarako, hainbat azterketa matematiko egin dituzte, eta oso ongi neurtu dute irteerako talde baten eta bestearen artean egon beharreko tartea. Korrikalarien taldeak 2.000 lagun ingurukoak izango dira, eta 17 talde osatuko dituzte. «Iaz irteerek 65 minutu bete zituzten; aurten, berriz, 44 minutu iraungo dute», azaldu zuen Etxeberriak.

Helmuga aurreratu dute
Aldaketekin jarraituz, zirkulazioari begira, Bulebarreko helmuga aurreratzea erabaki dute. Zehazki, ohikoa baino 20 metro aurrerago egongo da eta antolakuntza asko hobetuko duela diote.

Behobia-Donostia

  • Korrikalariak. 25.500.
  • Patinatzaileak. 200.
  • Elbarriak. 35. Horietako 25 handbike-ekin eta 10 gurpildun aulkiekin.
  • Irteera. 10:00etan irtengo dira elbarriak; 10:10ean patinatzaileak, eta 10:30ean lehen korrikalariak.
  • Behobia Txikia. Larunbatean izango da, seigarren urtez. 2.100 haurrek parte hartuko dute. Lehen aldiz, Anoetako estadio txikian izango da.
  • Korrikalariaren Azoka. Belodromoan egingo dute.
  • Helmuga. Ohikoa baino 20 metro gehiago aurreratu dute helmuga.
Artxibo
Event Search