Web
Analytics
Diego Garcia: Bizitza eman zuen - Lasterketak.eus Diego Garcia: Bizitza eman zuen - Lasterketak.eus

Diego Garcia: Bizitza eman zuen

IRUTXULOKO HITZA. Duela hogei urte, Diego Garciak bere bi garaipenetatik lehena lortu zuen Bulebarrean. Azkoitiarrak herri lasterketen alde egin zuen ahal zuen guztietan, eta Irun eta Donostia artean ere bere alea jarri zuen.

Behobia-Donostia lasterketa bat baino gehiago da; iganderako izena eman duten 25.000 lagunek egin dute posible errealitate hori. Fortuna ez da inoiz izen handien atzetik ibili Behobiako irteeran egon daitezen, korrikalari anonimoek baitute lehentasuna euren filosofian. Hala ere, atleta ezagunak izan dira, hori bai, kasu gehienetan korrikalari horiek eurek erabakita.

Espainia aldetik etorri dira batzuk; Alfonso Alvarez Valera, Alberto Juzdado, Chema Martinez edo Rafael Iglesias, kasu. Hauek guztiak maiteminduta geratu ziren lasterketarekin lehen unetik, eta gozatzeko asmoarekin etortzen ziren Euskal Herrira.

Euskaldunen artean ere, ahal zuen guztietan, goi mailako korrikalari batek egin ohi zuen bat Behobia-Donostiarekin; maiteminduta zegoelako baino, argi zuelako herri lasterketak altxor bat direla, zaindu eta sustatu beharrekoak. Hori zen, hain zuzen ere, Diego Garciaren ispiritua (Azkoitia, 1961-Azpeitia, 2001).
Azkoitiarrak lorpen handiak eskuratu zituen atletismo munduan; 1994an, Europako Txapelketako maratoian zilarrezko domina lortu zuen, Martin Fizen atzetik eta Alberto Juzdadoren aurretik. Maratoi proban lehen mailako atleta bihurtu zen egun batetik bestera, baina ez zituen inoiz sustraiak ahantzi. Zintzo-zintzo jarraitu zuen Behobiako irteeran egoten; batzuek prestaketa onena izango ote zen galdetzen zuten bitartean, berak argi zuen bere printzipioei eutsi behar ziela.

Hain justu, duela hogei urte lortu zuen Behobia-Donostiako garaileen zerrendan sartzea; 1992ko ekitaldian, alegia. 1994an garaipena errepikatu zuen, baina beste ekitaldi batzuetan ere protagonista izan zen. Askok dute gogoan oraindik Alberto Juzdado lagunarekin izandako lehiak.

Diego Garciak bizitza eman zien herri lasterketei, hitzez hitz. Izan ere, amaiera tragiko zein epikoa izan zuen. Atletismoa uzteko erabakia hartu eta gero, Azkoitia-Azpeitia proban omenaldia jasotzekoa zen, berak babestutako beste herri lasterketa horietako batean, etxekoan. Izena emana zuen, baina, ibilbidean bertan entrenatzen ari zela, bihotzekoak jota hil zen. Bere omenez eskultura bat jarri zuten zendutako lekuan, gogoratua izateko. Hala ere, eskulturarik gabe ere inork ez luke ahaztuko.

Artxibo
Event Search