Web
Analytics
Adin guztietako herritarrek parte ahal izango dute Bermeoko IX. Herri Lasterketan urtarrilaren 27an, domekan - Lasterketak.eus Adin guztietako herritarrek parte ahal izango dute Bermeoko IX. Herri Lasterketan urtarrilaren 27an, domekan - Lasterketak.eus

Adin guztietako herritarrek parte ahal izango dute Bermeoko IX. Herri Lasterketan urtarrilaren 27an, domekan

Adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izango dute Bermeoko IX. Herri Lasterketan, urtarrilaren 27an, domekan. Horretarako, lau lasterketa antolatu dira, – umeak, txikiak, gazteak eta nagusiak -. Guztiak Bermeoko Lameratik hasiko dira. 

Irune Ormaetxea Kirol zinegotziak, Itxaro Zabala Bermeoko Udal Kirol Patronatuko zuzendariak, eta Jon Iturbe Taraska Atletismo taldeko ordezkariak, IX. Herri Lasterketaren nondik norakoak azaldu dituzte gaur egindako prentsaurrekoan. Bertan, lasterketaren  izaera “herrikoia” eta “soziala” dela azpimarratu dute. 

“Helburua da adin guztietako herritarrak lasterketan parte hartzera animatzea eta horrela kirolaren garrantzia eta bere onurak herri guztian zabaltzea”, nabarmendu du Irune Ormaetxeak. Hortaz, lau lasterketa antolatu direla azaldu du. 

Lasterketa nagusia, hau da, 15 urtetik gorakoena, goizeko 10:30ean hasiko da eta ibilbide guztia gutxi gorabehera 8 kilometrokoa izango da. Gazteen lasterketa, 11 eta 14 urte bitartekoei zuzendutakoa, goizeko 12:00etan hasiko da eta ibilbidea 1.500 metrokoa izango da. 

Txikien txanda, 7 eta 10 urte bitarte dutenena, 12:20etan izango da eta 800 metroko ibilbidea izango da. Umeen kasuan, 3 eta 6 urte bitartekoak, 12:40etan hasiko dira eta 100 metroko ibilbidea izango dute. 

11 eta 14 urte bitarteko gazteek lasterketa nagusian parte hartu ahal dute, beti ere pertsona nagusi baten ardurapean eta berarekin korrika, eta gurasoen baimenarekin.  

Bermeoko Udal Kirol Patronatuak eta Taraska Atletismo taldeak antolatzen duten IX. Herri Lasterketan parte hartu nahi dutenek Bermeoko Araneko kiroldegian izena eman behar dute. Lasterketa egunean ere apuntatzeko aukera egongo da 10:15ak arte, hala ere, Zabalak adierazi duenez, lana errazteko, egunak lehenago apuntatzea eskertzen dute. 

Jasotako dirua Herri Babesari

Ume, txiki eta gazteen kasuan euro bat izango da eta nagusiak bi euro ordaindu behar dituzte. Lasterketan jasotako dirua Herri Babesari emango zaio.  Aurton ere izena ematerako orduan korrikalari bakoitzari bere dortsala emango zaio, lasterketa egunean eraman beharrekoa. Korrikalari batzuei, -ume, txiki  eta gazteei-,dortsala ikastetxeetan banatuko zaie. 

Lasterketa bukatu ondoren janaria eta edaria eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei (ura, jogurtak) eta dutxatzeko aukera ere egongo da Araneko kiroldegian.

Kirol zinegotziak azaldu duenez, IX. Herri Lasterketaren helburuak dira herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea eta kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea. “Horrez gain, kirola herritarrei hurbildu nahi diogu, kirola ez dela federatuen gauza bakarrik adierazi, denona dela eta denok parte hartu ahal dugula, hain zuzen be”, gaineratu du.  

IX. Herri Lasterketaren garapen zuzena eta segurtasuna bermatzeko honako hauek lan egingo dute: Udaltzaingoak, Herri Babesak, Gurutz Gorriak, Taraska Atletismo taldeak, Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak, herriko bolondresak eta Izaro Bikers elkarteak. 

Bestalde, lasterketaren laguntzaileak dira Kutxabank, Itsuki irratia, Hitza, Kaiku, Coca-cola, Festak.com, San Frantzisko Herri eskola, Sagrado Corazón ikastetxea, Eleizalde ikastola eta Ignacio Arocena institutua. 

Azkenez, Ormaetxeak, Zabalak eta Iturbek herritar guztiak IX lasterketan parte hartzera animatu dituzte, kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera paregabea izango delako. 

Informazio gehiago nahi izanez gero, Bermeoko Araneko kiroldegiko sarrera bulegoan eta www.bermeo.org webgunean eskura daiteke.

Artxibo
Event Search