Web
Analytics
Laura García Mejuto eta Marc Hurtado garaile Amurrioko I. Krosean - Lasterketak.eus Laura García Mejuto eta Marc Hurtado garaile Amurrioko I. Krosean - Lasterketak.eus

Laura García Mejuto eta Marc Hurtado garaile Amurrioko I. Krosean

AIARALDEA.COM. Gaur goizean Arabako Kros Txapelketa jokatu da Amurrion. Lasterketa gogorra izan da, euriteen ondorioz parkeko zirkuitua oso lokaztuta egon delako. Irabazleen ondoren, Laudioko Ibone Sánchez Garmendia eta Artziniegako Iñigo Gutiérrez helmugaratu dira bigarren postuetan

Amurrioko parkea gaur Arabako atletismoaren hiriburu bihurtu da. Herrialde osoko eta kategoria guztietako lasterkariak batu dira irteera-puntuan herrialdeko kros-txapelketa jokatzeko, euriari eta hotzari aurre eginez. Dena dela, goizean zehar eguraldiak hobera egin du, eta gazte eta senior kategoriako partaideak abiatu direnerako ateri egon da eta korrikalarien arerio bakarrak lokatza eta zirkuituaren gogortasuna bera izan dira. Gazteek eta betenaroek, ostera, euriari ere egin behar izan diote aurre.

Esan bezala, Oinkariak Atletismo Taldeak atondutako zirkuitua gogorra izan da, eta lehia ederra ikusteko aukera eman du emakumezkoen zein gizonezkoen kategorietan. Emakumezkoetan Laura García Mejuto gasteiztarra eta Ibone Sánchez Garmendia laudiarra aritu dira nor baino nor azkarrago, eta azken txanpara arte ez da erabaki lehenengo postua; bertan Laura García nagusitu da tarte labur batengatik. Haien ostean, La Blanca atletismo-taldeko Josune Terceros helmugaratu da.

Gizonezkoen senior mailan ere lehia oso estuan ibili dira aurreneko postuetan La Blanca taldeko Marc Hurtado Sabater eta Kike Sebastíán gasteiztarra eta Iñigo Gutiérrezek artziniegarra. Lasterketaren erdian, berriz, Kike Sebastiánek arazo fisikoak izan ditu eta erretiratu egin da, eta hortaz Marc Hurtadoren eta Iñigo Gutiérrezen artean erabaki da lasterketa; kataluniarrak bere erritmoa ezarri du eta Portugalete Atletismo Taldeko artziniegarrak ezin izan dio eutsi. Biek ere lasterketa bikaina egin dute. Atzetik, La Blanca atletismo-taldeko Iban Rodríguez distantziak murrizten ahalegindu da baina ezin izan du Iñigo harrapatu eta podiumeko 3. postua eskuratu du.

Argazki batzuk HEMEN

Artxibo
Event Search