GOIENA.NET. Azaroaren 2an egingo da Soraluze-Bergara lasterketa. Atzo eman zuten aurtengo berrikuntzen berri. Bestak beste, kirol egokituari garrantzia eman nahi izan diote eta lasterketaren kalitatea hobetzen saiatu dira.
Soraluze-Bergara lasterketa artengoan ere hainbat berrikuntzekin dator. Hala, antolakuntzan aritzen den Antxintxika taldetik adierazi dute kirol egokituko proba indartzeko ahalegin bereziak egin dituztela. "Kirol egokituko lasterketa indartzea nahi genuen. Hala, aurten hamar pertsona inguru izango ditugu modalitate horretan. Iaz bi bakarrik izan genituen. Gainera, kirol egokituko federazioan dagoen Imanol Elkoroberezibar Bergarako korrikalariak hartuko du parte, lehendabizikoz. Berak herritarren berotasuna sentitzea nahi genuen", esan zuen Aitor Errementeria antolakuntzako kideak.
500 korrikalari
Ibilbidean ez da aldaketarik egongo eta autobusak egongo dira korrikalarientzako (15:30ean eta 16:00etan). Izena kirolprobak webgunean eman daiteke. 500eko muga jarri dute. "Tope bat jarri dugu lasterkariendako, 500 korrikalari izango da muga hori. Uste dugu bidegorrian jende gehiago sartzea ez dela erosoa izango", adierazi zuen Iban Dasilva Antxintxika taldekoak.
"Lasterketaren kalitatea hobetu"
Lasterketaren kalitatea hobetzeko ahalegin berezia egin dutela adierazi dute Antxintxikanetik. Horrela, kirolariak zaintzeko eta herritarren artean giro hobea sortzeko asmoz, hainbat erabaki hartu dituzte. Adibidez, kirolariei arropa ofiziala banatuko diete (txalekoa eta bisera) eta 3×3 tamainako pantaila jarriko dute plazan, iazko irudiak ikusteko.
Lasterketa nagusiaz gain, gaztetxoendako lasterketak ere egongo dira arratsaldeko 15:00etan hasita. Hiru maila ezberdin egongo dira: benjaminak (800m), alebinak (1600m) eta infantilak (2400m). Motor txikien lasterketa ere egingo dute hiru urtetik beherakoendako plazan 18:30ak inguruan.
http://goiena.net/albisteak/azaroaren-2an-izango-da-soraluze-bergara-lasterketa/