Web
Analytics
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko aukera denak zabaldu dituzte - Lasterketak.eus Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko aukera denak zabaldu dituzte - Lasterketak.eus

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko aukera denak zabaldu dituzte

XIX. Azkoitia-Azpeitia Diego Garciaren oroimenezko maratoi erdian izena emateko aukera guztiak zabaldu ditu Xeye Atletismo Taldeak. Martxoaren 31n izango da, 16:30ean Azkoititik irtenda. Lehendik lasterketaren webgunean eta Kirolprobak.com-en izena emateko aukera zegoen. Gaurtik aurrera, berriz, zenbait dendatan ere eman daiteke izena. Hauek dira izena emateko tokiak: Azpeitian, Aradi kirolak eta Aitzaki Kirolak dendetan; Azkoitian, Plaza Berri Sporten; Oiartzunen, Intersport-Extreme Ciclos y Caravanas Oiarzun-en; Bilbon, Intersport-extrem dendan (Lizenciado Poza kalean). Webgune bidez izena eman nahi dutenek honako aukerak dituzte: www.sarralle.com/media-maraton eta www.kirolprobak.com

 

Izena emateko 17, 20 edota 23 euro ordaindu beharko dira. Hau da, atletismoan federatuta edota lasterkari txartela dutenek edo txip horidunek 17 euro ordaindu beharko dituzte. Federatuta edo lasterkari karneta izan, baina txip horirik ez badute edota federatu gabe egon eta txip horia dutenek 20 euro ordaindu beharko dituzte. Gainontzekoek, berriz, 23 euro ordaindu beharko dute izena ematea. Dendetan izena emateko aukera martxoaren 24a bitartean egongo da. Webguneen bidez, berriz, martxoak 29a arte eman daiteke izena. Antolatzaileek azaldu dutenez, azkenengo astean izena ematen dutenek bost euro gehiago ordaindu beharko dituzte.
Aurtengo lasterketak 1.600 korrikalariko muga izango du. Aurten, New Balance eta Intersport etxeek promozio bat eskaini dute eta horri esker doan hartu daiteke parte lasterketan. Horrez gainera, proban parte hartzen dutenek %20-%30eko deskontuak dituzte Intersport extreme dendetako New Balance markako produktuetan.
Maila goreneo maratoi erdi honetan iaz 1.324 atletek eman zuten izena. Urtez urte korrikalari herrikoien parte hartzea igotzen ari da, eta aurten ere korrikalari herrikoientzako hainbat opari eta erbi-ak izango dira. “Lasterketa erakargarria egitea baita gure asmoa”, diote Xeye Atletismo Taldekoek. Antolatzaileen arabera, “2011 urteko estatuko maratoi erdi azkarrenetakoa izan zen Azkoitia-Azpeitia. Valentziakoa izan zen maratoi erdi azkarrena, baina lehen 12 atleten denboren batez bestekoa hartuz gero, gure proba izan zen azkarrena”. Iaz gizonezkoetan Stanley Biwott-ek marka berria ezarri zuen, 60:23 denbora eginda. Aurten saiakera berri bat egingo dute, eta berriro 60 minutuko marka haustera etorriko dira goi mailako hainbat atleta. Nesken marka ere ez da makala Azkoitia-Azpeitia proban: 2007. urtetik Pamela Chepchumbaren marka hautsi gabe dago, 1:08:57 denboran.”Horrela bada, maila guztietako atletei luzatzen diegu gonbidapena, Diego Garciak sortu zuen lasterketa bikain honetan parte hartzeko”, azaldu dute Xeyekoek.

Iturria: http://azkoitia.hitza.info

Artxibo
Event Search