Web
Analytics
San Hilario Krosa jokatuko dute igandean, Miramongo Teknologia Parkean barrena - Lasterketak.eus San Hilario Krosa jokatuko dute igandean, Miramongo Teknologia Parkean barrena - Lasterketak.eus

San Hilario Krosa jokatuko dute igandean, Miramongo Teknologia Parkean barrena

Salda eta txorizo egosiaz gozatzeko aukera izango dute partaide guztiek, lehia bukatutakoan

XVIII. San Hilario Krosa antolatu du Kutxa Gizarte Ekintzak datorren iganderako. Lasterketako lehiakideak, probako antolatzaileak, senitartekoak eta lagunak izango diren arren, atleta federatuek, zaleek eta nahi duen orok ere parte hartzeko aukera izango du. Miramongo Teknologia Parkean ezarritako zirkuituan jokatuko dute krosa, bost irteerekin. Izan ere, maila bakoitzak bere irteera eta ibilbidea izango ditu.

Sariak eta opariak
Izen ematea doakoa da eta otsailaren 10eko 14:00ak arte egin daiteke, ez badira lehenago dortsalak bukatzen. Dortsalak lasterketaren egunean bertan jasoko dituzte partaideek, goizeko 10:00ak aurretik.

Lasterketako partaide eta laguntzaile guztiek Euskal Giroa Elkarteko kideek prestatutako salda eta txorizo egosia dastatzeko aukera izango dute, behin lehia bukatuta. Bestetik, lasterketa amaitzean, ustekabez betetako gutunazalak banatuko dituzte antolatzaileek partaideen artean; hala, hainbat opari jasoko dituzte korrikalariek. Gainera, parte hartuko duten umeek, txokolatezko opilak ere jasoko dituzte, aurreko urteetan bezala, euren esfortzua saritzeko opari gisa.
Sariak eta garaikurrak ere jasoko dituzte irabazleek. Zehazki, proba bakoitzeko lehenengo hiru emakumezkoek eta gizonezkoek jasoko dute saria, haurren lasterketan izan ezik. Gipuzkoako Foru Aldundiaren irizpideak jarraituz, kategoria horretan ez baita ez sailkapenik ezta garaikurrik ere izango.

San Hilario Krosa

Noiz. Igandean, otsailak 12.
Non. Miramongo Teknologia Parkean, Eureka Zientzia Museoan hasita.
Antolatzailea. Kutxa Gizarte Ekintza.
Izen ematea. www.kutxasocial.net webgunean. Otsailaren 10a da izena emateko azken eguna.
Prezioa. Doakoa.
Ibilbideak eta ordutegia.
-10:00: Kadeteak, 2.000 metro.
-10:15: Haurrak, 1.500 metro.
-10:30: Kimuak, 1.200 metro.
-10:45: Seniorrak, gazteak, Juniorrak eta aurrekoak.
-11:30: Benjaminak, 600 metro.

Udaberriko lasterketarako izen ematea zabalik dago: Donostiarrak kirol elkarteak urtero antolatzen du Udaberriko Lasterketa, EHUren laguntzarekin. 10.000 metroko lasterketa izaten da eta aurtengoa, zehazki, martxoaren 18an jokatuko dute. Izen ematea dagoeneko zabalik dago www.kirolprobak.com webgunearen bidez.

Lasterketaren hamargarren ekitaldia izango da aurtengoa, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, gizonezkoen 1 zenbakidun dortsala Peio Ruiz Cabestani txirrindulari ohiak jantziko du. Emakumezkoen 1 dortsala oraindik ez dute jakinarazi nork jantziko duen.

Iturria: http://irutxulo.hitza.info

Artxibo
Event Search