Web
Analytics
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko epea zabaldu dute - Lasterketak.eus Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko epea zabaldu dute - Lasterketak.eus

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko epea zabaldu dute

Kirola Maratoi erdian Espainiako marka jarrita duen Rocio Rios atleta omenduko dute martxoaren 27ko proban

Martxoaren 27an izango da Azkoitia-Azpeitia Nazioarteko XVII. Maratoi Erdia. 16:30ean hasiko da Azkoitiko Julio Urkijo kalean, Lidl saltokiaren aurrean. Lasterketan izena emateko epea zabalduta dago bai lasterketaren webgunean (http://www.sarralle.com/media-maraton/index.html  ), bai kirol-dendetan. Hilaren 25eko gauean itxiko dute epea eta, beraz, lasterketaren egunean bertan, hilaren 27an, ez da izena emateko aukerarik izango.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia Diego Garciaren zirkuituan egiten da, eta Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo Taldeak antolatzen du, Zaletu Taldearen, Azpeitiko Peña Taurina El Andaluz eta Azkoitiko Iraurgi Elkartearen laguntzarekin.

Parte-hartzea gehituz

Maratoi erdiko parte-hartzea urtez urte gehitzen joan da, eta 2003an mila parte-hartzaileren muga gainditu egin zuen. Ordutik, milatik gora lasterkarik hartu dute parte urtero. Iaz, Azkoitia-Azpeitia lasterketak orain arteko parte-hartzerik handiena izan zuen: 1.263 lasterkarik irten zuten proban.

Lasterketan Internetez izena emanda 17 euro ordaindu beharko dute parte-hartzaileek eta kirol-dendetan eginez, berriz, hogei euro. Dortsala eta txipa maratoi erdiaren egunean jasoko dituzte korrikalariek, irteeran bertan. Korrika saioa bukatutakoan txipa itzultzen dutenean, elastikoa jasoko dute opari.

Irteerara autobus zerbitzua

Lasterketaren irteera, ohi bezala, Azkoitian izango da, 16:30ean. Iaz irteeraren lekua eta ibilbideko zati batzuk aldatu egin zituzten. Irteera Kale Nagusitik Julio Urkijo kalera aldatu zuten. Aurten ere, probako irteera Julio Urkijo kalean izango da. Gero, helmuga Loiolako hiribidean izango du lasterketak. Parte-hartzaileek aldagelak Azpeitian izango dituzte: gizonezkoek igerilekuan eta emakumezkoek Ikasberri Azpeitiko Ikastolan. Azpeitiko igerileku aurretik Azkoitiko irteerara joateko autobusak jarriko dituzte antolatzaileek; 15:00etan irtengo dute Azpeitiko igerilekuaren aurretik.

Lasterketan parte hartzen dutenen artean bi telebista eta ardo kaxa zozkatuko dituzte maratoi erdiaren antolatzaileek.

Lasterketako giroa animatzeko txarangak ere ariko dira proba ari den bitartean. Azkoitian Urolatarrak txaranga ibiliko da eta, Azpeitian, berriz, Herriko txarangak alaituko du giroa.

Markaduna omendua

Aurten Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian Rocio Rios (Leon, Espainia,1969) atleta omenduko dute. Maratoi Erdian Espainiako marka du ezarrita Riosek, 01:09:59. Gainera, denbora hori Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian ezarri zuen, 1997ko apirilaren 20an. Rocio Riosek lau aldiz irabazi du Xeyek antolatutako maratoi erdia: 1996an, 1997an, 1999an eta 2000n.

izena emateko tokiak eta epeak

Internetez

Martxoaren 25a arte. Urtarrilaren 25ean ireki zuten Internet bidez Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko epea eta hil honen 25a arte egongo da horretarako aukera. Izena emateko webgunea honakoa da: http://www.sarralle.com/media-maraton/index.html

– Internetez izena emanda 17 euro ordaindu behar dira.

– Martxoaren 16a baino lehen izena ematen dutenek pertsonalizatutako dortsala jasotzeko aukera izango dute.

Kirol-dendetan

Martxoaren 22ra arte. Kirol-dendetan maratoi erdirako izena emateko epea otsailaren 25ean ireki zuten eta martxoaren 22ra arte egongo da horretarako aukera.

– Kirol-dendetan maratoi erdirako izena ematea 20 euro kostako da.

– Martxoaren 16a baino lehen izena ematen dutenek pertsonalizatutako dortsala jasotzeko aukera izango dute.

Herriak eta dendak. Urola Kostako eskualdean honako herri eta tokietan eman daiteke Azkoitia -Azpeitia lasterketarako izena:

– Azkoitian, Plaza Berri Sport kirol-dendan.

– Azpeitian, Aradi Kirolak eta Aitzaki Kirolak kirol-dendetan.

– Zarautzen, Nere Sport kirol-dendan.

Iturria: Urola Kostako Hitza

Artxibo
Event Search