Web
Analytics
Lila kolorezko urratsak - Lasterketak.eus Lila kolorezko urratsak - Lasterketak.eus

Lila kolorezko urratsak

Emakumezkoentzat bakarrik den Lilatoi proba igandean korrituko dute Donostiako kaleetan, Emakumearen Nazioarteko Egunaren bezperan, eta eskualdeko ordezkari andanak bat egingo du.

Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginik, emakumeei zuzendutako herri lasterketa antolatzen du Lilatoi Taldeak urtero-urtero Donostian. Aldarrikapen giroan, emakumeari gune propioa ematea eta lagun artean kirola lantzeko aukera eskaintzea du helburu proba honek. Aurtengoa 21. Lilatoia izango da, eta igandean jokatuko dute, martxoaren 8aren bezperan. Ohiko moduan, bost kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek, 11:00etan Alderdi Ederretik hasi eta Igentea kalean izango den helmugan bukatuz. Askorako ematen duten bost kilometro labur; emakumearen izana goratzeko balio duten bost kilometro luze.

Azken urteetako joera mantenduz, parte-hartze kopuruak aurten ere gora egingo duela aurreikusten dute antolatzaileek; 1.500 korrikalarira iristea espero dute. Lilatoiak gero eta harrera hobea du, eta Urola Kosta ez da atzean geratzen. Aurten, inoiz baino gehiago, antolatzaileek aurreikusitako kopuru horretara iristen lagundu nahi dute eskualdeko emakumeek. Izan ere, autobusak antolatu dituzte lasterketara bertaratzeko. Aurreko urteetan bezalaxe, Azkoititik garraiobidea jarriko dute, eta Azpeitiko jendea ere jasoko dute. Bestalde, estreinako aldiz, Zarauzko Kirol Patronatuak autobusa antolatu du Lilatoian parte hartu nahi duten herritar guztientzat; izena kiroldegian eman behar da.

Era berean, lasterketarako izenik eman ez dutenak oraindik garaiz dabiltza, gaur bukatuko baita horretarako epea. Animatzen denak www.lilaton.com webgunean egin dezake bere inskripzioa, 10 euroren truke.

Entrenamendu taldea

Emakumeak kirola egitera bultzatze horretan, Lilatoiaren filosofia bera duen ekimena jarri zuten abian duela aste batzuk Zarautzen. Udaleko Kirol Patronatuak eta Donostiako Fortuna kirol elkarteak, Zarautz Kirol Elkartearekin elkarlanean, emakumeentzako entrenamendu taldea osatu du, eta saiakerak erantzun «oso ona» izan duela nabarmendu dute arduradunek. Izan ere, hainbat adinetako 63 emakumek egin dute bat taldearekin, astean bi egunetan, Txumai Fernandez entrenatzailearen gidaritzapean. Entrenamendu saioak doakoak dira, eta izandako arrakastaren harira, bigarren talde bat antolatzea aztertzen ari dira.

############

autobusak

Eskualdeko hainbat herritatik autobus zerbitzua antolatu dute Lilatoira joateko. Azkoitiko autobusak Azpeitiko korrikalariak jasoko ditu; kostaldean, Zarauztik bakarrik antolatu dute.

Azkoitia

Irteera. Liburutegitik, 08:50ean.

Itzulera. Maria Cristina hotelaren paretik, 17:30ean.

Azpeitia

Irteera. Igerilekutik, 09:00etan.

Itzulera. Maria Cristina hotelaren paretik, 17:30ean.

Zarautz

Irteera. Aritzbatalde kiroldegitik, 09:00etan.

Izena emateko. Aritzbatalde kiroldegian eman behar da izena, 2 euro ordainduta.

############

############

«Gurekin korrika hasi direnek urtean zehar korrika egiten jarraitu dute»

arantza gurmendi ðLilatoi Taldeko presidentea

Kirola Lilatoia garatuz joan da urtez urte, eta 20 urtetan egindako lana «eredutzat» jo dute erakunde publikoek

a. mutiozabal

Lilatoi Taldeak antolatzen du Lilatoi lasterketa. Aurtengoa, antolatzen duten 21. aldia da, eta taldeko presidente Arantza Gurmendi (Donostia, 1944) ilusioz agertu da.

1.500 korrikalari elkartzea espero duzue aurten. Lehen edizioan 130 inguru bildu zinetela kontuan izanda, garapen itzela izan duzuenik ezin daiteke uka, ezta?

Pausoz pauso aurrerantz egin dugu, ibilbide luzea eta emankorra osatuz. Behin betiko daturik ez dugu, izen-ematea oraindik martxan dagoelako, baina ziur gaude 1.500 partaidetara iritsiko garela edo hurbilduko garela, inskripzioak martxa onean baitoaz.

Egia esan, lasterketak gorakada nabarmena izan du azken urteetan. Parte-hartzaileek Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egiten duten seinale al da?

Bai, hala da. Gainera, kirola egitera animatu dira batez ere , eta hori zen guk bultzatu nahi genuena. Ondorioz, oso gustura gaude. Martxoaren 8aren bueltan antolatzen dugu, emakumearen aldarrikapen gisa, baina dudarik gabe kirol proba bat da. Eta, kirol proba guztietan bezalaxe, lehiatzera etortzen da jendea: batetik, irabaztera doazenak daude eta, bestetik, euren marka hobetu nahi dutenak. Beraz, horrek esan nahi du emakume horiek urtean zehar ere korrika aritzen direla.

Oro har, Lilatoiak kirolzaletasuna piztu al du emakumeen artean?

Fenomeno garrantzitsua izan da. Izan ere, gurekin korrika egiten hasi direnek urtean zehar ere korrika egiten jarraitu dute, beste lasterketa batzuetan irteten. Gurekin hasitakoak zaletzen joan dira pixkanaka; konturatu dira gai direla; gustua hartu diote; lotsa galdu dute; eta, ongi sentitzen dira. Lilatoiak horretarako balio duela esan digute behin baino gehiagotan. Egia esan, ahoz aho asko zabaldu da gure ekimena eta, gainera, parte hartzen duten gehienek errepikatu egiten dute hurrengo urtean.

Emakumeari zuzendutako lasterketa asko al daude munduan ala Lilatoia bakarrenetako bat da?

Emakumeari zuzendutako lasterketa asko antolatzen da. Lilatoiaren ideia, esaterako, taldeko emakume batek jarri zuen mahai gainean, Irlandan ikusi zuen proba bat erreferentzia hartuta. Bestalde, nazioartean emakumezkoen lasterketek zer-nolako hedapena duten jarraitzen dugu eta, jakin badakigu, emakumeentzako bakarrik diren ehundaka lasterketa dagoela: Parisekoak (Frantzia) edo Casablancakoak (Maroko) 30 mila korrikalari inguru dituzte, adibidez.

Argi izan al duzue hasiera-hasieratik hala izan behar zuela? Emakumeentzako izan behar zuela?

Emakumeari bere espazioa emateko antolatzen dugu lasterketa; hau da, lasai, pozik, lagun artean eta beste emakumeen babesean. Beraien lotsak eta traumak alde batera utzi, eta korrika eginez gozatzeko aukera eman nahi diegu. Bide batez, kirola eginez, osasuntsu mantentzen gara, eta hori mundu guztian egiten den zerbait da. Beraz, naturaltasun osoz hartu behar da hau guztia.

Aurten, gainera, bi sari jaso dituzue: bata, Donostiako Udalaren Herritar Merezimenduaren Urrezko Domina; bestea, Berdintasunaren Emakunde Saria. Pozez egoteko moduan, ez da hala?

Zorioneko gaude aurten, bai. Herritar Merezimenduaren domina jasotzea handia da donostiarrontzat, eta lasterketarentzat ere garrantzitsuak izango dira, bai domina, bai Emakunde Saria. Azken finean, erakunde publikoetatik jasotzen dugun errekonozimendua da. Beraien laguntza eta babesa betidanik izan dugu, baina sari horiek esan nahi dute 20 urte hauetan egin dugun lana ontzat eta eredutzat hartu dutela. Pozgarria da, horrek eman digun oihartzuna lasterketaren mesederako izango da.

Iturria: Urola Kostako Hitza

Artxibo
Event Search