Web
Analytics
Dena prest dago Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak probetarako - Lasterketak.eus Dena prest dago Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak probetarako - Lasterketak.eus

Dena prest dago Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak probetarako

Eguerdian egin dute aurtengo Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak proben aurkezpena. Datorren asteburuan dira bi probak, ostiraleran hasi eta igandera arte, eta dagoeneko dena prest dago 430 korrikalari ingururi ongietorria egiteko.

Mikel Valdivielso Ehunmiliak probako buruak eman ditu bi probei buruzko xehetasunak: “Aurten ere bi proba eskainiko ditugu, bat Ehunmiliak proba, 168 kilometro eta 11.000 metroko desnibel positibo metatuak dituena, Europa mailan eta Mundu mailan gogorrenetarikoa bezala sailkatuko genukeena, eta bestetik, motzagoa baina oso gogorra dena, Goierriko Bi Handiak”. Aurten ere bi probak Gipuzkoako “altxorretatik barrena” igaroko dira, Aizkorri-Aratz eta Aralargo parte naturaletatik barrena.

Aurten berrikuntzak

Valdibielsok jakinarazi duenez, aurten hainbat hobekuntza izango ditu probak komunikazio eta kronometraje alorretan. Aurten, komunikazio sistema berri bat erabiliko dutela aurreratu du antolatzaileak, “uste genuelako antolatzaileek lasterketaren nondik-norakoak une oro jakin behar genituela”. Jendeari informazio zehatza eta zabala emateko ere erabiliko dute sistema berria. “Iaz pixka bat hanka-motz geratu ginen senitartekoei, jarraitzaileei, kaleko jendeari… lasterketaren berri ematerakoan, eta aurten guzti hori kontrolpean edukiko dugu”, argitu du Valdibielsok.

Parte hartzaileen denborak neurtzeko kronometraje sistema berri batekin neurtuko dituzte aurten, eta anoa-postuetako denbora guztiak berehala Ehunmiliaken webgunean jarriko dituzte. Hala, “edozein pertsonak jakin ahalko ditu korrikalari guztien pasoko denborak”. Valdibielsoren ustez, sistema honekin informazio asko zabaldu ahalko da eta ikusleek zein ordutan zein lekutan egon nahi duten jakiteko aukera izango dute.

Iaz adina korrikalari

Bi proben aurkezpenean jakitera eman dutenez, aurten iaz adina korrikalari ariko dira Ehunmiliaken eta Goierriko Bi Handietan. Valdibielsok eman ditu datu zehatzagoak: “Aurten bi proben arteko aldea orekatu egin da, iaz proba luzean askoz parte hartzaile gehiago egon zirelako. Aurten luzean kopurua jaitsi egin da pixka bat, baina motzean igo, eta 420-430 partaide inguru espero ditugu Beasainen”.

Korrikalari kopuruarekin pozik daude antolatzaileak, baina proba motzean nahi baino gutxiago egoten jarraitzen dute, iazko kopurua hazi egin bada ere. Hala ere, “bigarren urtea izateko eta parte hartzaile guztiak kontrolpean egoteko” kopuru egokia dela uste du antolakuntza buruak. Iaz parte hartu zuten korrikalari ugarik errepikatuko du aurten Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak probetan.

Beasainen egongo diren parte hartzaileen artean Espainia mailan izen handia duten hainbat korrikalari egongo direla aurreratu du Valdibielsok, eta “baita atzerrian oso ondo ibiltzen direnak ere”. Europa mailan halako probak ugaritu izanak korrikalariak proben artean aukeratzera behartuta daudela ere aipatu du, eta “alternatibak egotea oso ona” dela gaineratu du, alternatibak egonda jendeak zein probetan parte haru nahi duen erabakitzeko aukera duelako.

Iturria: http://beasain.hitza.info – Eskeine Legorburu

 

Artxibo
Event Search