Guztira 203 korrikalari abiatuko dira Bilbotik gau bete-betean, bi euskal hiriburuen arteko 110 kilometro menditsuak gehienez ere 25 orduko epean osatzeko asmoarekin
Zaleek, irteeratik bertatik, Internet bidez eta unean berean egin ahal izango dute lasterketaren eta korrikalari bakoitzaren jarraipena https://bit.ly/2V9YfkT estekan
Arriaga antzokiko albo batean jarrita dago jada IRTEERAKO ARKUA; hortik abiatuko dira partaideak 11.500 metroko desnibeleko proba gogor hau bukatzea helburutzat harturik
Bilbo, 2017ko otsailaren 23a. Dena prest dago Bilboko Areatzan bihar gauerdiko 24:00etan BILBAO-GASTEIZ proba abiatzeko. Guztira 203 korrikalarik ekingo diote BASQUE ULTRA TRAIL SERIES Zirkuituko lehen proba honi, gau bete-betean zeharkatuko dituzte Bilboko kaleak, eta korrika jarraituko dute goizaldeko ordu txikietan eta larunbat osoan, gehienez ere 25 ordu izango baitituzte bi euskal hiriburuen arteko 110 kilometroak osatzeko.
Atzotik jarrita dago IRTEERAKO ARKUA Arriaga antzokiko albo batean. Hortik abiatuko dira korrikalariak 11.500 metroko desnibeleko lasterketa gogor hau amaitzeko asmoarekin. Gorbeia izango da ibilbideko puntu gorena, baina beste hainbat tontor ere badira tartean: Pagasarri, Ganekogorta, Kamaraka, Goikogane, Jesuri, Elorritxugana, Oderiaga, Usotegieta, Otogoien, Oteros eta Zaldiaran, besteak beste.
Guztira bederatzi autonomia-erkidegotako eta atzerriko bost herrialdetako (Italia, Austria, Frantzia, Portugal eta Mexiko) 203 lasterkari abiatuko dira mendiko lasterketen zirkuitu honetako lehen proban. Horien artean, badira entzute handiko lasterkariak, hala nola Nuno Silva portugaldarra (2 dortsal zenbakiarekin), Silvia Trigueros (11), Jon Erdaide (5), Arkaitz Galíndez (8) eta Agurtzane Argiarro (13) bizkaitarrak, Imanol Aleson (6), Pedro Etxeberria-Urbeitia (3) eta Carlos García Recondo (4) gipuzkoarrak, eta Benito Lekuona (21) nafarra. Azken ediozoko gizonezko irabazlea, Dani Aguirre, eta 2017ko bigarren emakumea, Nerea Martínez, ezin dira egongo aurtengo ultra trailean.
Lehen korrikalariek atzo, osteguna, hartu zituzten beren dortsalak lasterketaren MENDIKO HIRIAn (Bailén kalean dago karpa hori, Concordia geltokiaren parean) eta bihar 22:00ak arte izango dute horretarako aukera. DORTSALAREKIN BATERA SATELITE BIDEZKO GEOKOKAPEN-BALIZA emango zaie (korrikalariak uneoro zer posizio zehatzetan dauden jakin ahal izango du antolakuntzak segurtasuneko gailu horren bidez), baita tarteko kontroletan denborak erregistratzeko TXIPA ere. Hala, gailu horri esker, senideek eta lagunek aukera izango dute, BASQUE ULTRA TRAIL SERIESen web orriaren bidez, unean bertan lasterkari bakoitzaren jarraipen zehatza egitekohttps://bit.ly/2V9YfkTestekan.
IRTEERAKO ARKUA PREST
Bihar arratsaldeko 19:30ean argiztatuko da irteerako arkua, hurbileko etxeetan argi-ikuskizun ederra proiektatuz.
Bitartean, korrikalariak mokadu bat jatera eseriko dira PASTA PARTY entzutetsuan; izan ere, 20:00etatik 22:30etara, antolakuntzak kirolarientzako otordu aproposa eskainiko die partaideei (eta laguntzaileei, horrela adierazten badute): makarroiak, oilasko-entsalada, jogurta eta fruta.
Eta 23:00etatik aurrera, IRTEERAKO EREMU ITXIRA sartzeko aukera izango dute 203 partaideek.
Ordubete geroago, GAUERDIKO 24:00etan, emango zaio IRTEERA lasterketari. Lehen metroetan, Bizkaiko hiriburuko leku eta estanpa klasikoen artean ibiliko dira korrikalariak, eta Bilbo berriko ikurretako batzuetara ere gerturatuko dira. Hala, Alde Zaharra gurutzatu eta Santiago katedralaren aurretik igaroko da lasterketa. 1953. urtean hor ekin zion Sheve Peñak Lau Katedralen Martxari eta, lau egunen buruan, katedral horretan bertan amaitu zuen ibilaldia. Balentria hori dago, hain zuzen, BASQUE ULTRA TRAIL SERIES erronkaren oinarrian. Katedrala atzean utzita, Dendarikaletik aterako da lasterketa, Erriberako merkatuaren parean; San Anton zubitik igo, Bilbao Arena inguratuz Miribillara iritsi eta Iberdrolak San Adrianen duen egoitzara helduko da. Hor utziko dute korrikalariek asfaltoa mendian barneratzeko.
TARTEKO GUTXI GORABEHERAKO ORDUTEGIAK
San Anton 00:05
Bilbao Arena 00:10
San Adrian etorbidea 00:15
Iberdrolaren egoitza 00:20
Aurreko egun hauetan, ANTOLAKUNTZA AZKEN XEHETASUNAK LOTZEN ARI DA HAMAR ANOA-GUNEETAN ETA BIZITZA-OINARRIAN (MURGIA) dena prest egon dadin. Horietan guztietan korrikalariek kopuru hauek kontsumituko dituztela aurreikusi du antolakuntzak: 1.200 litro ur, 800 Powerade botila, 570 litro Aquarius, 570 litro Coca-Cola, 150 litro salda, 90 litro kafe, 720 banana, 360 laranja, 90 sagar, 90 tomate, hidratatzeko gatzen 10 poto, 36 kilo fruitu lehor, 18 kilo fruta lehor, 36 kilo gominola, 15 kilo gazta, 15 kilo irasagar, 15 kilo hestebete, 100 txokolate tableta, 100 pakete moldeko ogi, 50 pakete gazta xerratu, 10 poto Nocilla (500 gr), 20 kaxa opil, 20 kilo pasta, 20 pakete gazta birrindu, 30 patata tortilla, 200 jogurt eta 18 kilo mertxika almibarretan.
Dagoeneko prest dira ia 300 BOLUNTARIOAK ere. Kontrol-postuetan, anoa-guneetan, kaleko bidegurutzeetan eta irteerako eta helmugako eremuetan, baita ibilbideko hainbat puntutan ere lasterkariei laguntzen ariko dira uneoro boluntario horiek, bai eta antolakuntzari edozein gertakariren berri ematen ere. Boluntarioekin batera, Gurutze Gorriko 19 teknikari eta sorosle ariko dira lanean. Korrikalarien segurtasuna zaintzeko OSASUN-DISPOSITIBO osoa prestatu du Gurutze Gorriak: mendiko lur orotako 3 ibilgailu, oinarrizko bizi-euskarriko 2 anbulantzia, osasun-postu aurreratu bat, kudeaketarako gune bat eta, besteak beste, 6 desfibriladore (osasun-postuan eta lur orotako ibilgailu eta anbulantzia bakoitzean bat).
GASTEIZKO IRITSIERA
Armentiako parkea zeharkatu ondoren, larunbat eguerdiko 12:00ak eta 13:00ak artean iritsiko dira lehen lasterkariak Gasteizera, Maliz eta Mendibe kaleetatik San Prudentzio hiribidera eta handik MENDIZABALAKO HELMUGARA. HOR AMAITUKO DA LASTERKETA, IGANDE GOIZALDEKO 1:00ETAN (irteera eman eta 25 ordura), baita Hego Euskal Herriko lau hiriburuak lotuko dituen mendiko lasterketen lehen abentura hau ere.
SARI-BANAKETAREN EKITALDIA LARUNBATEAN, HILAK 25, 19:30ETAN IZANGO DA HELMUGAKO EREMUAN BERTAN. Lehen gizonezkoak eta emakumezkoak 1.000 euro, garaikurra eta txapela jasoko dituzte saritan. Proba amaitzen duten guztiek FINISHER diploma jasoko dute. Lasterketak kirol hutsetik harago, naturaren balioak eta gure geografiaren aberastasunak sustatzeko helburua du, eta, hala, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko Udalen laguntza eta babesa du. Erakundeez gain, Euskaltel da babesle nagusia eta, halaber, hor dira Land eta Zabalgarbi.Mancomunidad de la Comarca de Pamplonak ere laguntza eman digu, etabaita beste marka hauek ere:Coca-Cola, Powerade, Drunkat, Cafés Fortaleza, Caldos Aneto, Lacturale, Fribasa, Bilcosa, Suunto, Ised Formación, Arruabarrena, Gluco Sport, Salomon, La Salve, Deia, Diario de Alava, IES Medical eta Fenix.