Igande honetan, Goierri Garaiko hirugarren mendi lasterketa ospatuko da, bigarren edizioko ibilbide berarekin. 22 km luze izango ditu eta lasterkariek Beloki, Izazpi eta Irimoko guru-tzeak igo beharko dituzte, Areizaga-Kalebarren enparantzatik abiatu eta leku berera itzultzeko. Lasterketa, goizeko 10etan hasiko da.
Aurtengoa lasterketaren hirugarren edizioa izanik, probak mendi lasterketen egutegian bere lekutxoa egin duela gauza nabarmena da: «dagoeneko 70 lagun inguruk eman dute izena, eta hemendik igandera bitartean jende gehiago anima-tzea ere espero dugu2, diote Goierri Garaia mendi lasterketa taldeko kideek, lasterketa antolatzearen ardura daramatenek. Lasterketa bera gogorra dela kontuan harturik, eta berau mendi lasterketen egutegiaren amaieran kokaturik dagoela jakinda, marka da ehun laguneko tropela biltzea.
Iaz eguraldi makurra izan zen eguneko protagonista, eta aurten iragarpenek eguraldi nahasi xamarra iragartzen dute. «Ibilbidean lokatza egongo da, baina ez dirudi iaz bezain eguraldi txarra egingo duenik». Izan ere, korrikalarientzat ez ezik, lasterketa gertutik jarraitzen duten zaleentzat ere oztopoa da, zalantzarik gabe, eguraldi txarra.
Lasterketari goizeko hamarretan emango zaio hasiera, eta ibilbidean zehar hainbat kontrolgune eta jan-edan gune egongo dira atondurik. Ikusleentzat, hainbat punt daude ibilbidean zehar lasterketa gertutik jarraitzeko aproposak: Areizaga-Kalebarren plaza bera (irteera marra tarteko helmuga eta amaierako helmuga), Beloki, Izazpi eta Irimoko gurutzeak, Antio eta Santa Barbarako baselizak…
Maila bakoitzeko lehen sailkatuentzat sari bereziak izango dira, eta orain bi aste jokatu zen errepideko lasterketako eta mendi lasterketako denborak batuz denbora gutxien batzen dutenentzat, diru-sariak ere egongo dira. Izan ere, mendi lasterketaren eta errepide lasterketaren artean challenge-a antolatu da aurten ere. Faboriotoen artean, Juanjo Igartzabal zumarragarra eta Ruben Lanz legazpiarra daude denen ahotan. Mendi lasterketa ez ezik, challenge delakoa irabazteko ere hautagai nagusiak eurak dira, errepide lasterketan puntan ibili zirelako. Ibilbidea ondo ezagutzen dute eta horrelako lasterketetan eskamentu handia daukate biek ere. Igartzabalen kasuan, gainera, kontuan hartzekoa da bera dela Euskadiko mendi lasterketen kopako egungo txapelduna. Hala ere, beste lasterkari batzuen lana ere gertutik jarraitu beharko dugu.
Iturria: www.diariovasco.com