Web
Analytics
Domekarako antolatu dute VII. herri lasterketa - Lasterketak.eus Domekarako antolatu dute VII. herri lasterketa - Lasterketak.eus

Domekarako antolatu dute VII. herri lasterketa

Bermeoko VII. Herri Lasterketa antolatu du datorren domekarako Udalaren Kirol Patronatuak, Taraska Atletismo Taldearekin batera. Zazpigarren urtez egingo dute, beraz, lasterketa hori herriko kaleetan zehar.
Lasterketa horrek izaera herrikoia duela gogorarazi dute. Horrez gain, «soziala» eta «konpetizioa helburu bezala ez duena» bezala definitu dute antolatzaileek. Hortaz, Bermeoko herritar guztiei zuzendutako kirol ekintza izango da eta edonork izango du parte hartzeko aukera.

Adin guztietako herritarrek lasterketan parte hartzea guradutenez, «lau lasterketa» desberdin egitea erabaki dute, umeen, txikien, gazteen eta nagusien ataletan banatuta. Gazteak (11-14 urte) 11:00etan hasiko dira; txikiak (7-10 urte), goizeko 11:10ean; umeak (4-6 urte), goizeko 11:20an, eta, nagusiak (15 urtetik gora), azkenik, 11:45ean.
Denentzako irteera puntua Lameran izango dela azaldu dute antolatzaileek. Umeak 100 metroko ibilbidea egin beharko dute, txikiak 800 metrokoa, gazteak 1.500 metrokoa eta nagusiak 8 kilometrokoa.

Lasterketaren helburuak

Bermeoko herri lasterketak hainbat helburu ditula zehaztu dute antolatzaileek. Batetik, «herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea eta osasunaren eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea». Bestalde, «kirola Bermeoko kaleetan zehar ikustea eta, batez ere, sentitzea» lortu gura dute. Horrez gain, antolatzaileen arabera, «kirol desberdinak herritarrei hurbildu» gura dizkiete, «konpetizioaren ezaugarria herri lasterketaren ezaugarriekin ordezkatuta». Bestalde, «ekintza herrikoiak bultzatu» gura dituzte.

Beste alde batetik, «kirola federatuen gauza bakarrik ez» dela zabaldu gura dute. Asmoa «denek» parte hartu dezaketela erakustea da. Azkenik, herri lasterketak aurreko urteetan izan duen erantzuna zelakoa izan den kontuan izanik, «aurreko urteetako lasterketei jarraipena» emon gura izan die.

Aurretiaz izena ematea eskertzen dute

Lasterketan parte hartu guraduenak izena eman beharko du. Horretarako, Araneko kiroldegira jo beharko du interesa duenak. Lasterketa egunean bertan ere badago izena emateko aukera. Antolatzaileek, halanda be, egun horretako lana erraztu asmoz, aurretiaz izena ematea eskertuko dutela jakinarazi dute.

Izena ematerako orduan, umeek, txikiek eta gazteek euro bat ordaindu beharko dute. Nagusiek, berriz, bi euro.

Ohi legez, izena ematerako orduan korrikalari bakoitzari dortsala emango diote, lasterketaren egunean eroan beharrekoa, hain zuzen. Umeek, txikiek eta gazteek, aldiz, ikastetxeetan hartuko dituzte.

Lasterketa amaitzerakoan, parte-hartzaile guztiek Araneko kiroldegian dutxa hartzeko aukera izango dute. Horrez gain, parte-hartzaileei janaria eta edaria eta opari bat banatuko dizkietela adierazi dute antolatzaileek. Nagusienek, gainera, ura edateko aukera izango dute lasterketan zehar, horretarako ipiniko duten gune batean.

Herri Lasterketan ateratzen duten dirua minbizia duten umeen gurasoen elkarte Aspanovasi emango diote.

Iturria: http://bermeo.hitza.info

 

Artxibo
Event Search